Sagardoaren Erremonte txapelketa larunbatean abiatu zen Galarretan

TTIPI TTAPA 2013ko otsailaren 18a

Aritz Zubiri goizuetarrak irabazi egin zuen Urrizarekin batera eta Ezkurra II eta San Miguel doneztebarrek galdu

Otsailaren 16an hasi zen erremonteko Sagardoaren Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Urriza eta Aritz Zubiri goizuetarrak 40 eta 26 irabazi zieten Etxeberria IV eta Ion-i eta Ezkurra II eta Julen San Migel doneztebarrek 23 eta 40 galdu zuten Juaristi eta Agirrezabalaren kontra.

Otsailaren 16an hasi zen erremonteko Sagardoaren Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Urriza eta Aritz Zubiri goizuetarrak 40 eta 26 irabazi zieten Etxeberria IV eta Ion-i eta Ezkurra II eta Julen San Migel doneztebarrek 23 eta 40 galdu zuten Juaristi eta Agirrezabalaren kontra.

Hirugarren edizioa bete duen txapelketa antolatzeko Hernani eta Astigarragako zortzi sagardotegiren babesa izan dute: Petritegi, Oialume Zar, Bereziartua, Gurutzeta, Gaztañaga, Larre-Gain, Etxeberria eta Saizar. Aitzineko edizioetan bezalaxe, bertzela gutxitan ikusten diren bikoteak elkarrekin aritzeko aukera dute. Bederatzi bikote ari dira, gaur egungo izarrak eta etorkizunekoak nahasiz. Kike Elizalde antolatzaileak aurkezpen egunean adierazi zuenez «bikoteak horrela sortuta, etorkizuneko jokalariei estelarretan jokatzeko aukera eman zaie». Txapelketa erakargarriagoa izan dadin, bikoteen artean oreka egotea bilatu dute Oriamendikoek.

 

Txapelketa sistema

Bederatzi bikoteak bi taldetan banatuta ari dira: A taldean lau bikote eta B taldean bost. Denek denen aurka jokatuko dute eta talde bakoitzeko lehenengo bi sailkatuak finalaurrekoetan izanen dira. A multzoan, Koteto Ezkurra doneztebarra eta Andoni Saldias oiztarrak osatu dute bikote bat; Aritz Zubiri goizuetarrak Urriza txapelduna du lagun aitzineko koadroetan. Gorka Urtasun iruritarrak Doneztebeko Iñaki Lizaso izanen du lagun eta eskualdeko pilotaririk izanen ez duen bikote bakarra Etxeberria IV eta Jonek osatuko dute.

B multzoan, joan den urtean Oñatzekin batera txapeldun izan zen Julen San Miguel doneztebarrak Josetxo Ezkurra II, herriko hasiberria du lagun aurten. Endika saldiastarra Barrenetxea IVarekin ariko da eta Joxe Etxeberria III doneztebarrak Matxin III izanen du aurrelari. Zeberio II eta Urkok, eta Juaristi eta Agirrezabalak osatuko dute boskotea.

Martxoaren 28an jokatuko da lehenbiziko semifinala. A taldeko lehendabizikoa B taldeko bigarrenaren aurka arituko da. Martxoaren 30ean izanen da bigarren semifinala, B taldeko lehenengoak A taldeko bigarrenaren aurka jokatu beharko du. Finala apirilaren 6an izanen da. Iazko txapeldunak Oinatz eta San Miguel izan ziren. Oinatzek ez du jokatuko aurten, bere ordez, Ezkurra II.a arituko da San Miguelekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun