Larunbatean, otsailaren 16an, hasiko da Sagardoaren Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Aurtengo txapelketa antolatzeko Hernani eta Astigarragako zortzi sagardotegiren babesa izan dute: Petritegi, Oialume Zar, Bereziartua, Gurutzeta, Gaztañaga, Larre-Gain, Etxeberria eta Saizar. Hirugarren urtez antolatu dute eta aitzineko edizioetan bezalaxe, bertzela gutxitan ikusten diren bikoteak elkarrekin aritzeko aukera izanen dute. Bederatzi bikotek hartuko dute parte, gaur egungo izarrak eta etorkizuneko jokalariak nahasiz. Kike Elizalde antolatzaileak aurkezpen egunean adierazi zuenez “bikoteak horrela sortuta, etorkizuneko jokalariei estelarretan jokatzeko aukera eman zaie”. Txapelketa erakargarriagoa izan dadin, bikoteen artean oreka egotea bilatu dute Oriamendikoek.
Txapelketa sistema
Parte hartuko duten bederatzi bikoteak bi taldetan banatuko dira: A taldean lau bikote eta B taldean bost. Denek denen aurka jokatuko dute eta talde bakoitzeko lehenengo bi sailkatuak finalaurrekoetan izanen dira. Otsailaren 16an, A taldeko Urriza-Zubiri bikotea Etxeberria IV-Ion bikotearen aurka lehiatuko da. B taldean berriz, Juaristi-Agirrezabala eta Ezkurra II-San Miguel bikoteen arteko partidak izanen dira txapelketari hasiera emanen dietenak.
Martxoaren 28an jokatuko da lehenbiziko semifinala. A taldeko lehendabizikoa B taldeko bigarrenaren aurka arituko da. Martxoaren 30ean izanen da bigarren semifinala, B taldeko lehenengoak A taldeko bigarrenaren aurka jokatu beharko du. Finala apirilaren 6an izanen da. Iazko txapeldunak Oinatz eta San Miguel izan ziren. Oinatzek ez du jokatuko aurten, bere ordez, Ezkurra II.a arituko da San Miguelekin.