680 eta 640 kiloko kategorietan ez da lehian sartu, baina Amaiurko sokatira taldeak Euskadiko txapelketan parte hartuko du 600 kiloko kategorian. Kategoria honetako lehenbiziko saioa otsailaren 16an, larunbat arratsaldeko 5:00etan jokatuko da Ezpeletan (Lapurdi), Merkatu Plaza ondoko kirol gelan.
Amaiurrekin batera bertze hameka talde ariko dira: Ibarra (Gipuzkoa), Abadiño A eta B (Bizkaia), Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi), Murueta (Bizkaia), Baiona (Lapurdi), Basaburua-Imotz (Nafarroa), Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia), Txantrea (Nafarroa), Iparralde (Urduliz, Bizkaia) eta 6 Conceyos (Asturias, Espainia). 540 kiloko emakumeen azken saioa ere Ezpeletan jokatuko dute, orain arte bosna punturekin berdinduak dauden Ibarra eta Badaiotzek eta bi puntu dituen Bizindar taldeek.
Bi multzotan banatuak lehiatuko dira gizonezkoak, Abadiño A eta Amaiur multzo buru direla. Multzo bakoitzeko sailkapenaren arabera, bertze multzokoen kontra ariko dira eguneko sailkapena erabakitzeko (lehenbizikoa lehenbizikoaren kontra, bigarrena bigarrenaren kontra, etabar…). Larunbateko lehen jardunaldiaren ondotik, 600 kiloko bigarren jardunaldia martxoaren 3an jokatuko da Urdulizko pilotalekuan eta azken saioa martxoaren 9an Ibarrako kiroldegian. Emakumezkoen 500 kiloko lehen bi saioak ere orduan jokatuko dira.
Ondotik, martxoaren 16an jokatuko da gizonezkoen 560 kiloko txapelketa saio bakarrean, baina hemen ez da Amaiur lehiatuko. Martxoaren 23an, 600 kiloko txapelketa mistoa jokatuko da Laudion (Araba), hemen ere eskualdeko eta Nafarroako ordezkaritzarik gabe.