Otsailaren 14an ospatuko da maiteminduen eguna. Horren harira, ekimen berezia jarri dute abian Doneztebarrak merkatari elkarteko kideek. San Valentin astea ospatzen ari dira eta erakusleihoak apaindu dituzte mezu deigarri eta baikorrekin. Merkatari bakoitzak eskaintzen duen zerbitzu edo produktuarekin lotutako esaldiak jarri ditu. «Muxuka ezazu zure Osasuna», «Irribarrea nirea da, baina arrazoia zu zara», «Goxo batek ez dio inori kalterik egiten»… esaldiak irakurri litezke. Hala ere, erakusleiho guztietan lelo bera errepikatzen da “Doneztebarrak maite zaitu” agertzen da bihotz handi baten inguruan. Bezeroei esker ona adierazi eta herritarrei eta kanpokoei Doneztebera etorri eta bertako denda, tailer, ostatu, ileapaindegiak…. bisitatzera animatu nahi dituzte ekimen honen bitartez. San Valentin egunean opariren bat egin nahi dutenek, Donezteben bertan opari egokiena aurkitzeko aukera ugari dituztela gogoraziz.