Hasi da 2013 denboraldia master mailan eta Transportes Bidasoa-Euromaster-Inurrieta taldeko txirrindulariak Laudio eta Artziniegako laisterketetara hurbildu ziren asteburu honetan. Beti bezala leihakor aritu ziren eta Laudion puntu puntuan egon ziren laisterketa hankaz goiti paratzeko. Dena dela ere talde lan onari esker Ion Zeberiok, senior mailan, bi laisterketetan lehen postuan akitu zuen.
Larunbatean “Laudioko V. Master Saria” ospatu zen, bertara Mikel Arburua (Igantzi), Ibon eta Jabi Urtiaga anaiak (Betelu), Ion Zeberio (Elizondo), Riki Martinéz (Funes) eta Txutxin Fernandez (Orduña) taldekideak gerturatu ziren. Ibon Urtiaga izan zen txirrindulari aunitzekin batera ihesaldi batean tropelaren aitzinetik ibili zen taldekidea, hala ere 25 kilometroren faltan pelotoiak hauek harrapatu zituen. Momentu horretan Ion Zeberio beste hiru txirrindularirekin batera aurrera egin zuen, Respalditzako igoeran Ibañezekin (Burgos CCDC) aitzinera egin zuen eta helmugatik 5 kilometrora bakarrik geratu zen; hala ere gibeletik Osasunalde taldeak egindako lana Ion helmugatik 3 kilometrora harrapatzeko balio izan zuen. Azkenean Spiuk taldeko Carlos Fernándezek irabazi zuen 21 txirrindularien arteko sprintean azkarrena izan ondotik. Taldetxo horretan Ion (18.) sartu zen; tropel nagusian Txutxin (27.), Ibon (30.) eta Riki (49.) helmugaratu ziren; Mikel (104.) eta Jabi (111.) iritsi ziren hurrengo taldetxo batean.
Igandean Artziniegan laisterketa gogorra jokatu zen, porturik ez baina hamaika igoeratxo motz eta gogor ibilbidean barna. Koldo Gutierrez (Osasunalde) izan zen garailea, hasieratik sei laguneko ihesaldia egin zen, bertan talde sendoetako ordezkariak egonik atzekaldean kontrol lana egin zuten; ezinezkoa izan zen Ion Zeberio eta Txutxin Fernandezentzat hauek gibelean uztea. Azkenean Ionek bakarlanean aitzinera egin zuen eta 11. postuan helmugaratu zen ihesaldiaren gibeletik helmugaratu zen taldetxoan, senior mailan lehen postua erdietsiz, berriz Txutxin tropel nagusian helmugaratu zen 39. postuan.