Larraintzar eta Iturenen izanen dira azken-laurdenak asteburuan

TTIPI TTAPA 2013ko otsailaren 8a

Orain arteko bi saioetan bertsozaleek ongi erantzun dute eta seguru asteburuan ere bertze horrenbertze egiten dutela. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Iturenen, igande arratsaldeko 17:30ean ariko dira Herriko Etxeko Ganbaran

Bigarren asteburura ailegatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta oraingo honetan ere bi saio izanen ditu, larunbat eta igandez. Seina bertsolari arituko dira Larraintzar eta Iturenen, horiek finalaurrekoetarako sailkapena lortzen saiatuko dira.

Bigarren asteburura ailegatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta oraingo honetan ere bi saio izanen ditu, larunbat eta igandez. Seina bertsolari arituko dira Larraintzar eta Iturenen, horiek finalaurrekoetarako sailkapena lortzen saiatuko dira.

Larunbatean, 17,30ean hasitan, Larraintzarko Kultur Etxean honako bertsolariak igoko dira oholtzara: Julen Zelaieta, Aritz Saragueta, Oier Lakuntza, Ekaitz Astiz, Haizea Beruete eta Amaia Elizagoien. Aurkezle lanak Jon Arratibelek eginen ditu.

Larraintzaren kantatuko duten bertsolarien artean Julen Zelaieta beratarrak jakin badaki Nafarroako txapelketa irabaztea zer den, 2008an irabazi baitzuen. Gainerakoan, Haizea Beruete iruindarrak eta Amaia Elizagoien oronoztarrak lehen parte-hartzea dute Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Ekaitz Astizek, berriz, “etxean” kantatuko du, ultzamarra baita bertsolari gaztea.

Larraintzarko saioaren antolaketan Ultzamako udalaren laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

 

Igandean, Iturenen

Asteburuko bigarren azken-laurdena, igandean izanen da, Iturenen, 17,30ean. Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Iñaki Aleman, Egoitz Gorosterrazu, Alazne Untxalo eta Ioar Tainta arituko dira. Fernando Anbustegi izanen da aurkezlea. Iturengo saioan ere etxeko bi bertsolari entzuteko aukera izanen dute, Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu iturendarrak baitira.

Iturengo Udalak lagundu du Iturengo saioa antolatzen.

Bi saio hauetarako sarrera bost eurokoa da, hiru euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Takila arratsaldeko 16etan zabalduko da, aretoetan bertan.

Azken-laurdenetako saio horietan lehen postua lortzen duen bertsolariak zuzenean finalaurrekoetarako sailkapena lortuko du. Gainerakoek saio guztien puntuazioaren zain egon beharko dute. Dagoeneko bi bertsolarik lortu dute hurrengo faserako sailkatzea: Lizarrako saioko irabazlea Xabier Silveira Etxarrikoan arituko da eta Aldazko irabazlea Migel Mari Elosegi “Luze”, Elizondokoan.

Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com webgunean aurkituko duzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun