Zubirin jokatuko da larunbatean lehen faseko azken saioa

TTIPI TTAPA 2013ko otsailaren 15a

Bertsozaleak arretaz segitzen ari dira aurtengo bertsolari txapelketa. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Ander Fuentes ‘Itturri’ zubietarra eta Iban Garro lesakarra izanen dira eskualdeko ordezkariak

Otsailaren 16an, larunbatean bukatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken-laurdenak, Zubirin eginen den saioarekin. Ohi bezala, sei bertsolari igoko dira oholtzara eta saioa amaituta jakinen da zeintzuk izanen diren finalaurrekoetara sailkatu diren bertsolariak.

Otsailaren 16an, larunbatean bukatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken-laurdenak, Zubirin eginen den saioarekin. Ohi bezala, sei bertsolari igoko dira oholtzara eta saioa amaituta jakinen da zeintzuk izanen diren finalaurrekoetara sailkatu diren bertsolariak.

Zubiriko saioa 17,30ean hasiko da, Gautxori jatetxeko aretoan. Honako bertsolariek hartuko dute parte: Oskar Estanga, Ander Fuentes “Itturri”, Ainhoa Aranburu, Iban Garro, Joxema Leitza eta Unai Uberetagoenak. Miren Bidartek aurkeztuko du saioa.

Zubirin kantatuko dute bertsolarien artean Unai Uberetagoenak lehen parte-hartzea du Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Horrez gain, Joxema Leitza arbizuarra txapelketara itzuli da, hainbat urtez parte hartu gabe izan ostean.

Saiorako sarrera bost eurokoa da, hiru euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Takila arratsaldeko 16etan zabalduko da, aretoan bertan.

Zubiriko saioaren antolaketan Esteribarko udalak eta Gautxori jatetxeak lagundu dute.

 

Finalaurrekoetarako sailkatzea

Zubiriko saioaren ostean jakinen da zeintzuk diren finalaurrekoetan arituko diren 18 bertsolariak. Dagoeneko horietako batzuk ezagutzen ditugu; Julio Soto iazko txapelduna hasieratik zegoen finalaurrekoetarako sailkatuta eta beste lau bertsolarik ere eskuratu dute hurrengo faserako txartela: Lizarrako saioko irabazlea, Xabier Silveira; Aldazko saiokoa, Migel Mari Elosegi “Luze”; Larraintzarko irabazlea Julen Zelaieta eta Iturengo saiokoa, Eneko Lazkoz.

Zubiriko saioko irabazleak ere finalaurrekoetarako sailkatze zuzena lortuko du. Hortaz, beste hamabi postuak puntuazioaren arabera erabakiko dira. Finalaurrekoak martxoaren 2, 3 eta 9an jokatuko dira Atarrabia, Etxarri-Aranatz eta Elizondon.

Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com webgunean aurkituko duzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun