Inauteri gosez dagoenak badu non asetua datozen egunetan. Inauteri ofizialen txanda iritsi da eta eskualdeko herri aunitzetan astinduko dituzte mozorroak. Doneztebe, Bera, Elizondo, Lesaka, Goizueta, Etxalar, Amaiur, Lekaroz, Gartzain, Erratzu, Arizkun eta Saran ospatuko dituzte. Bakoitzak beraien modura, beraien herriko inauteriak berezi egiten dituen ezaugarriarekin. Hala ikusiko ditugu Donezteben karrozak, Elizondon jantzilo, Beran inude eta Artzaiak, Lesakan zakozarrak, Goizuetan zahagi dantzak... txoko guztietan baina arau berbera betetzen da: bestarako gogoa eta umore ona izaten da nagusi.
Beran inude eta artzaien pausoan
Pasa den asteburuan, euripean iritsi ziren inauterien iragarleak, kaldereroak eta orain inauterien txanda iritsi da. Data ofizialei aurrea hartuko diete Beran, otsailaren 6an, asteazkenean inauterien lehenengo printzak agertuko baitira. Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolak antolatutako Inauteri besta ospatuko da 16:30etik aurrera. Kalejira eginen dute herrian barna, Zahar Etxea bisitatuz. Otsailaren 7an, ortzegunean, goizean haur taldeak puxkak biltzen ibiliko dira. 15:45 Ortzegun Gizen arratsaldeko ibilbidea Suhiltzaileen parketik Eztegara pilotalekura abiatuko da. Euria eginen balu, zuzenean Eztegara pilotalekuan dute hitzordua 16:00etan. Ondotik, Pottola taldearen emanaldia. Bi egunez atsedena hartu eta igandean berriro ere bestara. Ez nolanahiko egitarauarekin gainera. 10:00etan Inudeak eta artzaiak Eztegara pilotalekutik abiatuko dira, goiz guztian zehar herrian barna ibiltzeko. Eguerdian atseden hartu eta 18:00etan izanen du segida, Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikara joanen baitira. Otsailaren 11n, Inauterietako Astelehenean, goizean zingar-arrautzea eginen da. 19:00-20:00 Massaradunba Taldearekin Txarantukada eginen da Altzateko karrikan.
Donezteben karroza ederrenaren bila
Otsailaren 7an, ortzegunean, iluntzean hasiko dira Doneztebeko inauteriak. Trikipoteo antolatu dute eta ondotik, afaria eginen dute elkartean. Afalondoan musika izanen da. Herriko gazteek ziurrenik indarrak gorde nahiko dituzte lehenengo egunean, ortziralean egun luzea izanen baitute aurretik. 9:00etan baserrietan eskean hasiko dira, Titi ostatutik abiatuta. bi taldetan banatuko dira eta behin baserrietako eskea egin eta gero, eguerdian berriz ere elkartu eta Leitzarako bideko tailerrak bisitatuko dituzte. Urtero bezala, pastak eta ardoa emanen dizkiete langileei. 14:00etan bazkaria eta bazkalondoan musika izanen da. 21:00etan kuadrilen afaria eginen dute. Inauterien azken eguna, otsailaren 9a, larunbata izanen da. 13:00etan bazkaria eginen dute eta 16:30ean karrozen desfilea hasiko da Aparan industrialdetik aterata. 22:00etan kuadrilen afaria eginen dute.
Elizondon danborrada berreskuratu dute
Oilar dantza edo Orakunde eguna ospatuko dute Elizondoko ikastetxeko haurrek otsailaren 7an, ortzegunean. Urteroko kalejira, bazkari eta jolasek ez dute hutsik eginen. Arratsalde partean berriz, oilarren ordua izanen da. Otsailaren 8an, ortziralean puxka biltzea eginen dute. 10:00etan mozorro guztiak elkartuko dira Gaztetxearen parean eta handik abiatuta inauteri giroa zabalduko dute. 14:30ean eskean dabiltzanen bazkaria eginen dute. 16:00 haurren desfilea (Elizondoko San Francisco Javier eskola publikoa, Baztan ikastola eta haurtzaindegikoak). Eta desfilearen nekeak kentzeko, txokolatea eta dantzaldia antolatu dituzte haurrendako. Ondotik, mozorroen ibilaldia izanen da musikarekin. Gauean, 22:00etan jantziloren erreko dute plazan. Larunbatean, otsailaren 9an, 11:00 etan mozorroak elkartuko dira. Salda eta ziztor jatea izanen da Ikastolako Parkean. Ondotik, herrian barna ibiliko dira mozorroak, trago batzuk hartu bidenabar. Eguerdian, koadrila bakoitzak bere aldetik bazkalduko du. Bazkalondoan, elkartuko dira berriro eta inauteri giroa nabaria izanen da.Izan ere, 18:00etan Mozorroen desfilea hasiko da eta garai bateko danborrada ere berreskuratuko dute.
Zakozarrak, mairuak eta mozorro gehiago Lesakan
Ortzegun gizenean hasiko dira Lesakako inauteriak. Goizean, Herriko haurrak etxez-etxe ibiliko dira Arraultze-Arraultze eskean. 17:00 Tantirumairu Ikastolan berendua, musika eta mozorro besta izanen dira. Otsailaren 10ean, igandean, eskea eta zakozarren bueltan eginen da besta. 08:00etatik aintzinera Goitiarrak Auzoberri, Endara eta Zala auzoetan ibiliko dira. 17:00 trikitixa taldeak lagunduta eta Plaza Zaharretik abiatuz, Mairu eta Zaku Zahar Ttikien kalejira eginen dute herrian zehar. 19:00etan Zaku-Zaharrak Musika Bandarekin Arrano Elkarteak antolatua. Eguna akitzeko 18:00etan Dantzaldia Plaza Zaharrean. Otsailaren 11n, astelehenean Fraindarren txanda izanen da. 08:00etatik aintzinera Fraindarrak “arraultze arraultze” ibiliko dira baserrietan zehar. 12:30ean inauterietako orgak Plaza Zaharrean eta 18:00etan Dantzaldia Plaza Zaharrean.
Etxalarren asteartean mozorro besta
Ortzegun Gizenarekin hasiko dira Etxalarren ere inauteriak. Goizean etxez etxe ibiliko dira neska-mutikoak Ortzegun Gizen, Ortzegun Gizen, zingar-arraultze bat ez bada bertze eskatuz. Arratsaldean, 14:30ak aldera, plazan izanen dute hitzordua Landagain eskolako ikasleek eta handik abiatuta, karrikaz karrika beraien antzezlanak eskainiko dituzte. Zaldun Inaute egunean ez da aparteko ekitaldirik inauterien egitarauan, baina hori bai, herriko ostatu eta jatetxeak gainezka izaten dira, hainbat adinetako Kinto bestak izaten baitira. Eguerdi partean aperitiboa, ondotik bazkaria eta arratsean poteoarekin segituko dute. Astelehen Inaute egunean herriko gazteak bi taldetan banaturik batzuk goiko auzoan eta bertzeak beheko auzoan eskean ibiliko dira egun guzian zehar. 08:00etan abiatzen dira eta bazkaria Armitxen eta Usazaleen etxolan egiten du talde bakoitzak. 21:00etan pintxoak Elutsa ostatuan. Asteartea mozorro eguna izaten da hondarrekoa Etxalarren. 12:00ak aldera herriari itzulia emanen zaio mozorro eta karrozekin. 14:00etan bazkaria Herriko Ostatuan. 18:00-20:30era Beñat akordioilariarekin dantzaldia plazan 19:00ak aldera taloak emanen dira.
Goizuetan astelehena ekitaldiz lepo
Zaldunita egunean, 17:00etan gaztetxoen Zahagi-dantzarekin emanen diete hasiera inauteriei. 19:00etan erromeria izanen da plazan Aierrik taldearekin. Eguna amaitzeko, 21:30 Mozorroen afaria. Otsailaren 11n, astelehenean, Goizetik mozorroak ibiliko dira baserrietatik eskean. Eskean ez dabiltzenek ere aukera izanen dute. 10:00 Plaza apaindu eta luntxaren ondoren Konparsa (Gaia: 60-70.hamarkada) ibiliko da herrian zehar. 13:30 bazkaria Umore Ona elkartean. 16:00-17:00 jokuak izanen dira plazan eta ondoren, musika Elkartean Ganyeiko Luixen eskutik. 18:30 txokolatada eta mozorroen etorrera herrira, dultzaineroen laguntzarekin. 19:00 Erromeria Aierrik taldearekin. 22:00 mozorroen afaria. Inauterietako azken eguna asteartea izanen da. 09:00 Mozorroek gosaldu eta herriko kaleetan zehar ibiliko dira. Eguerdian, bazkaria izanen dute. 17:00 Zahagi-dantza eta segidan, Erromeria Gugaz taldearekin. 20:00etan Karrozen desfilea, 22:00etan mozorroen afaria eta 02:00etan Disfraz lehiaketa Gaztetxean.
Amaiurren haur eta helduentzat aukera
Otsailaren 5ean haurren inautea ospatu eta 8an eta 9an helduen iñautea eginen dute. Ortzilerian gazteek elkartean gosaldu ondotik eskolara bixita eginen dute mozorrotuta eta gero baserriz baserri ibiliko dira, berriz ere elkartean afaltzeko. Biharamonean, ongi gosaldu ondotik, herrian ibiliko dira eskean eta gauean afaldu eta dantzatu eginen dute elkartean.
Lekarozen larunbatean eskean
Lekarozen otsailaren 8 eta 9an izanen dituzte inauteriak. Ortzilerian herritik urrunago dauden etxeetan ibiliko dira eta gauean sagardotegian afalduko dute. Launbetian, berriz, herrian dauden etxeetan ibiliko dira puxka biltzen eta herriko ostatuan bazkaldu eta afalduko dute. Aurten, azken pare bat urteetan bezala, Arkaitz Mindegia izanen dute trikitilari eta Birjinia Mariezkurrena panderoarekin.
Gartzainen eskea auzo guztiak bisitatuz
Gartzainen ere otsailaren 8 eta 9an ospatuko dituzte inauteriak. Herrian 4 auzo daudela kontuan hartuta, lehenbizikoan Etxarri eta Ariztegi auzoak egiten dituzte eta larunbatean, berriz, Gartzain herria eta Aizano. Ortzilerian, gazteak Herriko Ostatuan biltzen dira gosaltzeko eta egunari hasiera ona emateko. Ondotik, trikitixa edo akordeoi soinuak lagun, bordetara abiatuko dira. hauek bisitatu eta alaitu ondotik, Etxarriko etxeak bisitatuko dituzte, Ariztegira ailegatu arte. Larunbatean ere herriko ostatuen gosaldu eta herriko etxeak bisitatuko dituzte eta gero Aizanokoak. Egune akitzeko, herri afaria izanen da eta besta goizeko ordu ttikiak arte luzatuko da.
Erratzun otsailaren 10, 11 eta 12an
Igandean etxez etxe puxka biltzen ibili ondotik afaria eginen dute gazteek. Astelehenean ere plan beretsua izanen dute eta hondar egunean damen desfilea eginen dute.
Arizkunen igandetik asteartera
Arizkunen ere otsailaren 10etik 12ra eginen dituzte inauteriak, igandetik asteartera. Igande goizeko 09:00etan gosaria eginen dute, gero auzotara puxke biltzera gateko. Esketik bueltan berriz herrian puxke biltzea eginen dute. 18:00etan mozorroak karrikan barna ibiliko dira. 20:00etan Dantzaldia frontoian. 21:00etan afaria elkartean (txartelak Dolatxea ostatuan salgai). Ondoren dantzaldia elkartean bera. Astelehenean ere igandea bezala ibiliko dira eta astearte eguerdian Sagardantza dantzatuko da herriko karriketan barna. 14:00etan desfilea Hartza eta hartzainarekin, damekin, mozorroak, karrozak... Ondotik bazkaria izanen da elkartean (txartelak Dolatxea ostatuan salgai).
Saran asteburuan ospakizunak
Otsailaren 9 eta 10ean ospatuko dira. Larunbatarekin gazteek mozorroturik, Sarako auzoak animatuko dituzte kantu eta dantzekin. Auzoetan barna ibiliko dira traktore eta xareta animatu bitartean. Beren ibilaldia gauean bukatuko dute trinketean, Herriko Etxeko edantegia itxita baitago. Zazpiak Bat elkarteak gaztetxea idekiko du gauean ere besta luzatzeko. Igandean goizeko 11:30ean gazteen eta haurren desfilea eginen da plazan. Ondotik dantzak eta zanpanzarren auzia. 1etan hiru eskolek antolatutako bazkaria izanen da Lur Berrin. Arratsalde bukaeran gazteak berriz abiatuko dira ostatu eta zenbait etxetan itzulia egiteko.