Silveira eta “Luze”, finalaurrekoetarako lehen sailkatuak

TTIPI TTAPA 2013ko ots. 4a, 13:17

Aldatzeko saioan kantari aritu zen seikotea. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Lesakarra eta leitzarra nagusitu dira Lizarra eta Aldatzeko saioetan

Bi saiorekin hasi da asteburuan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 41. edizioa; larunbatean, Lizarran eta igandean, Aldatzen. Lehen saioan Xabier Silveira nagusitu zen eta bigarrenean, berriz, Migel Mari Elosegi “Luze”. BI bertsolari hauek zuzenean lortu dute finalaurrekoetarako txartela, Etxarrirako eta Elizondorako, hurrenez hurren.

Bi saiorekin hasi da asteburuan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 41. edizioa; larunbatean, Lizarran eta igandean, Aldatzen. Lehen saioan Xabier Silveira nagusitu zen eta bigarrenean, berriz, Migel Mari Elosegi “Luze”. BI bertsolari hauek zuzenean lortu dute finalaurrekoetarako txartela, Etxarrirako eta Elizondorako, hurrenez hurren.

Bizi-bizi hasi zen aurtengo Txapelketa, oholtzara igo ziren sei bertsolariek oso saio polita eskaini zuten. Azkenean, Xabier Silveira lesakarrak lortu zituen puntu gehien, eta Etxarriko finalaurrekorako sailkatzea.

Bi urtez Nafarroako Bertsolari Txapelketarik gabe izan ondoren, bertsozaleak bertso gosez zeuden eta lepo bete zuten Lizarrako Gazteriaren Etxeko aretoa. 140 entzulek segitu zuten bertatik bertara saioa, horietako askok mozorrotuta, herrian inauteria ospatzen baitzen.

Silveiraren atzetik, Erika Lagoma izan zen bigarren. Lau urtez Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu gabe egon ondotik, Lizarrakoa Lagomaren itzulera izan zen eta maila ona eman zuen.

Bi hasiberri izan ziren saioan, Eneko Fernandez lesakarra eta Xabier Maia elizondarra, eta haientzat izan ziren, hurrenez hurren, hirugarren eta laugarren postua. Hala ere, gertu-gertu izan zituzten hurrengo bi sailkatuak, Saioa Alkaiza eta Josu Sanjurjo.

Puntuazioa horrela gelditu zen:

Xabier Silveira, 352,5

Erika Lagoma, 340 

Eneko Fernandez, 317,5

Xabier Maia, 310,5 

Saioa Alkaiza,  308,5 

Josu Sanjurjo  307

 

Miel Mari Elosegi Luze, nagusi Aldatzen

Asteburuko bigarren saioa Aldatzen izan zen. Miel Mari Elosegi Luze leitzarrak saioa irabazi eta zuzenean martxoaren 9an Elizondon jokatuko den finalaurrekora sailkatu zen.

Herriko aretoa goraino bete zuten bertan elkartu diren 100 bertsozalek, ez zen gehiagorik sartzen. Hasierako agurra Larraungo Bertso Eskolako kideen eskutik etorri zen.

Horren ondotik, saio puntuagarriari hasiera eman zitzaion eta horretan beteranoek beren eskarmentuari fruitu ederra atera zioten. Lehia estua izan zen “Luze” eta Jon Barberenaren artean. Azkenean, kartzelako ariketa erabakigarria izan zen eta leitzarrak lortu zuen lehen postua. Bigarren, Jon Barberena eta hirugarren, Iñigo Olaetxea beteranoa.

Bertsolari gazteenen saioa gorabeheratsuagoa izan zen. Iker Gorosterrazurentzat izan zen laugarren postua eta Patxi Castillorentzat, bosgarrena. Oskar Sanz de Acedok seigarren egin zuen Txapelketako bere lehen saioan.

Honako puntuazioak utzi zituen saioak:

Migel Mari Elosegi “Luze”, 338,5

Jon Barberena, 331

Iñigo Olaetxea, 317 

Iker Gorosterrazu, 293

Patxi Castillo, 291,5 

Oskar Sanz de Acedo, 289,5

Nafarroako Bertsolari Txapelketak hurrengo asteburuan izango du segida, Larraintzar eta Iturenen eginen diren beste bi azken-laurdenekin.

Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com webgunean aurkituko duzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun