Bi saio berri izan ditu asteburuan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 41. edizioak; larunbatean, Larraintzarren eta igandean, Iturenen. Lehen saioan Julen Zelaieta nagusitu zen eta bigarrenean, Eneko Lazkoz. Bi bertsolari hauek zuzenean lortu dute finalaurrekoetarako txartela, Elizondorako eta Etxarrirako, hurrenez hurren. Horiekin dagoeneko lau dira finalaurrekoetarako sailkatzea lortu duten bertsolariak, pasa den asteko saioen ostean Xabier Silveira eta Migel Mari Elosegi “Luze” sailkatuak baitzeuden.
Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren azken-laurdena jokatu zen larunbat arratsaldean Larraintzarren. Eguraldiak etxetik ateratzeko batere laguntzen ez zuen arren, 100 bertsozalek bete dute herriko kultur etxeko aretoa.
Julen Zelaietak bildu zituen puntu gehien. Saio erregularra egin zuen bertsolari beratarrak. Oier Lakuntza nahiko gertu izan du, harentzat izan zen bigarren postua.
Amaia Elizagoienek lehen parte-hartzea du Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta hasierako urduritasuna gaindituta, maila ona eman eta azkenean hirugarren postua eskuratu zuen. Puntu eskas batera izan zuen laugarren izan zen Aritz Saragueta. Ekaitz Astiz bertsolari ultzamarrak bosgarren postua eskuratu zuen eta seigarren Haizea Beruetek egin zuen, hau ere Txapelketako bere lehen parte-hartzean.
Puntuazioa horrela gelditu zen:
Julen Zelaieta, 328
Oier Lakuntza, 320,5
Amaia Elizagoien, 302,5
Aritz Saragueta, 301,5
Ekaitz Astiz, 285,5
Haizea Beruete, 228
Eneko Lazkoz, nagusi Iturenen
Asteburuko bigarren saioa Iturenen izan zen, igandez. Iturengo udaletxeko ganbara txiki gelditu zen, 160 bertsozalek goraino bete zuten aretoa eta giro beroa eman zioten saioari.
Saioari dagokionez, bizia eta txinparta handikoa izan zen. Eneko Lazkoz etxarriarrak nagusitasun handiz irabazi zuen eta orain arteko puntuaziorik altuena lortuta, finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuen. Bigarren fasean etxean kantatuko du Lazkozek, Etxarri Aranatzen.
Gainerako bost bertsolarien artean gauzak estuago egon ziren. Bigarren postua Aimar Karrikarentzat izan zen, eta hirugarrena Iñaki Alemanentzat. Baina beste hiru bertsolariek ere lan polita egin zuten eta azken ariketa arte ez zen batere argi egon nola banatuko ziren puntuak. Azkenean, Ioar Tainta, Egoitz Gorosterrazu eta Alazne Untxalo orden horretan sailkatu ziren.
Honako puntuazioak utzi zituen saioak:
Eneko Lazkoz, 357
Aimar Karrika, 324,5
Iñaki Aleman, 315,5
Ioar Tainta, 301,5
Egoitz Gorosterrazu, 300,5
Alazne Untxalo, 298,5
Nafarroako Bertsolari Txapelketak hurrengo asteburuan izango du segida, Zubirin jokatuko den lehen faseko azken saioarekin. Horren ostean jakinen da zeintzuk diren finalaurrekotarako sailkatuko diren 17 bertsolariak.
Txapelketaren gaineko informazio osoa eta eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com webgunean aurkituko duzue.