Gorka Oteiza, Oronoz Mugairiko 25 urteko auto gidariak eta Hodei Ariztegi, duela 23 urte Donezteben sortu eta Beran bizi den kopilotoak irabazi dute 2012ko Euskadiko RallySprint txapelketa, 1 klasean eta junior mailan.
2011n Citroen Saxo GR.N autoa erosi zuten lasterketetan parte hartzeko eta aipatu digutenez, «bi karrera egin genituen, kotxea probatzeko». 2012 denboraldian, berriz, bikain ibili dira. Euskadiko txapelketak zazpi proba zituen eta hasiera ez zen nahi bezalakoa izan. «Gabirian autoa ez genuen prest eta ez genuen parte hartu eta Hondarribian, istripu txiki bat izan genuen arren, laugarren bukatu genuen». Hortik aitzinera emaitzak hobetu zituzten eta Ñañarrin bigarren izan ondotik, lehen postua eskuratu zuten Azpeitian, San Migelen eta Aramaion. Eibarko azken proban puntu bat aski zuten txapelketa irabazteko eta hirugarren izan ziren, «hagitz eguraldi kaxkarra zegoen eta arriskatu gabe ibili ginen» aipatu digute Oteizak eta Ariztegik.
Motorra kirol garestia da, baina «suertez, sponsor batzuk baditugu, Doneztebeko Big Mat Menditxuri, Arraiozko Nafarmendi, Oronoz Mugairiko Carrocerias Mugaire, Elizondoko Lur aretoa, Sunbillako Iruri Motor eta Magnesitas Navarra eta eskerrak eman nahi dizkiegu». Izan ere, babesleen laguntzari esker aurten ere zirkuituan segitzekoa asmoa dute. Modu berean, eskerrak eman nahi dizkiete laguntzera eta animatzera joaten zaien familiari eta lagun guztiei, «beraien laguntza gabe ezingo genuke ezer egin», diote.