Zubietako Inauteri Asteartearekin akitu dira joaldunen harat-honat jendetsuenak

TTIPI TTAPA 2013ko urtarrilaren 30a

Mozorroek bere ohiko trakeskeriak egin zituzten Zubietako plazan. Ainara Mindegia

Asteazkenean kontuen eguna izanen dute Zubietan eta larunbatean eta igandean Iturenen eta Aurtitzen

Inauteri Asteartean Zubietara bildu ziren Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunak, bezperan Iturenera egindako bixita itzuliz eta joaldunen harat-honat jendetsuenei behinipein akabila emanez. Ikusi argazkiak Ikusi bideoa

Inauteri Asteartean Zubietara bildu ziren Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunak, bezperan Iturenera egindako bixita itzuliz eta joaldunen harat-honat jendetsuenei behinipein akabila emanez. Ikusi argazkiak Ikusi bideoa

Aldi honetan, Zubietakoak izan ziren joaldun gehienak, 26 bat, Aurtiztik ere bertze dozena bat hurbildu ziren eta Iturenetik 14 bat. Beti bezala, errota ingurura bila atera ziren zubietarrak eta ETBko atsuen autoa ere han inguruan topatu zuten ez aurrera ez atzera. Umorez lagundu zieten eta ongi hartu zituzten atsuen Reglero galletak ere. Telebistako Atsu ofizialek, Zubietako “bixkien” laguntza ere izan zuten kalez kaleko joan-etorrietan eta Hotel Estrella irudikatzen zuen karrozan sartu ziren plazara.

Hiru herrietako joaldunek bat egin eta Zubietako plaza ingurura sartu ziren. Bezperan Iturenen bezala, nahikoa lan izan zituzten mozorroak uxatzen. Hauek gisa guzietako karrozak aurkeztu zituzten, batzuk Iturenera ere joan zirenak, baina bertze batzuk berriak ere. Hala nola, Zubitako prozesioa erakusten zuen karroza, gurutze eta gurutziltzatu eta guzi. Zubietan ogia garbitzen eta bazterrak zikintzen ere ibili ziren bertze batzuk eta nola ez, baita motozerra eskuetan eta baldeko kakapila hedatuz, jendea garrasika paratu zutenak ere. Zubietako Inauteri Asteartearen berri zutenek ez zuten ustegabekorik hartu, baina lehen aldiz hurbiltzen zirenendako ezuste handi xamarra izan zela ezin ukatu, gisa guzietako mozorroak ikusteko aukera izan baitzuten, joaldunek Herriko Ostatuan hameketakoa hartzen zuten bitartean. Hauek berriz ere itzulixka bat eman zuten herrian eta bolada batean gorde ziren mozorroak, baina joare soinuak ixildu orduko, berriz ere hasi ziren trakeskerietan.

Erran bezala, joaldunen harat-honat jendetsu eta famatuenak pasa dira, baina oraindik ez dira inauteriak akitu. Izan ere, Inauteri Astelehen eta Asteartean hainbat bixitari hurbiltzen dira herri hauetara, baina ez da bi egunotan akitzen inauteria. Zubietan, erraterako, asteazkena izaten da inauterietako azken eguna. Bazkaldu ondotik kontuak egiten dituzte eta ondotik joarea jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita eginen diete ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrek asteazkenean bazkaria izaten dute eta arratsaldean etxez etxe ibiliko dira joare eta trikitilariekin. Ondotik afariak izanen dituzte elkarteetan.

Otsailaren 2a, larunbateko kontuen eguna izanen da Iturengo inauterietako azkena. Egun horretan ez dute joarerik joko. Bazkaria izanen dute Herriko Etxean eta bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak, bertsolariak eta aizkora apustua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dantzaldia eta kontuen afaria izanen dute.

Aurtitzen igandean eginen dituzte kontuak eta xaharren afaria ere eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun