Ezkurrako web orrian, herriko pertsonaia garrantzitsuei buruz hitz egiten denean, hiru kirolari bakarrik aipatzen dira: Bengoetxea anaiak eta Mikel Mindegia. Baina informazio hori ez dago osatua. Ezkurra, Herri Berezia liburuan argi ikusten denez, askoz gehiago izan ziren eta dira herriko “pertsonaia garrantzitsuak”.
Aznar Sanchez de Ezkurra Jauregiko jabea izan zen horietako bat. 1297an, “Ezkurra herriko nagusi” izendatzen zuen bere burua, “bertako mendiak eta ondasunak” bereak zirela argudiatuz. Bere oinordekoek, hori defendatzen zuten. Hartara, Ezkurrako herritarrak, beraien menpekoak zirela zioten, besteak beste herriko parrokoa izendatzeko eskumena zuten eta herriko alkateak izateaz gain, hamarrenak kobratzen zituzten. Horregatik da ezaguna jauregia Hamarrendegia izenez. Elizan ere eserleku bereziak betetzen zituzten eta elizan bertan lurperatu zitezkeen bakarrak ziren. Oinordekoetako bat Luis de Beaumontekin ezkondu zen. Eliza bisitatzen dutenek, bi leinu horien armarriak ikusi ditzakete aldarearen ezker aldean. Azken oinordekoa Zegamako Josefa Ladron izan zen. Honek, saldu zion jauregia Antonio Telletxeari 1976ko martxoaren 29an.
Kirolarien arloan, ezin ditugu ahantzi Fausto, Yoannes, Eugenio, Tito… Kultur eta hezkuntza arloan berriz, Pedro eta Asun Cestauk egindako lana aipagarria da.
Beste zenbaitek ere, sortzez Ezkurrakoak ez ziren arren, bere arrastoa utzi zuten herrian. Haien artean, Casimiro Saizar medikuak. Ezkurra eta Eratsunen jardun zuen eta bertan bizi izan zen bere heriotzera arte. 50 urtez, herriko parrokoa izan zen Juan Perez ere bai. Migel Pamplona irakaslea eta Ricardo idazkaria ere hemen hil ziren, urte luzez bertan lanean aritu ondotik.