Denera 42 lizentzia banatu ditu Nafarroako Gobernuak. Eskualdean 11: Beran 4, Baztanen 3 eta Leitzan 3. Xorroxin irratiak bere helburuak bete eta eskakizuna egin duen bi lekuetan, Beran eta Baztanen, lortu du irrati baimena. Xorroxinekin batera, Abian eta Zeroak eskuratu dute beraien tartea. Beran, Xorroxin, Zeroa, Abian eta Pausu Media sailkatu dira hurrenez hurren. Leitzan eskuragarri zeuden hiru lizentziak Punto Radio, Abian eta Zeroa komunikazio taldeek lortu dituzte.
Irrati baimenak banatzeko prozedura «xehe, garden eta objektiboa» izan dela adierazi dute Nafarroako Gobernuak eta UPNk. Ez dute hala uste askok. Euskarazko komunikabideak ez dira kaltetuak izan gure inguruan, baina ez da hala gertatu Iruñerrian, laugarrenez, lizentziarik gabe utzi baitute Euskalerria irratia. Iruñerrian bi lizentzia banatu dituzte, SER eta Coperi emanda. Copek 73,05 puntu atera ditu, SERek 72,43 eta Euskalerria Irratiak 72,05. Esleipenean hirugarren sailkatu dutenez, orain arte bezala, baimenik gabe jarraituko du Euskalerria irratiak.