Konpainiaz haratago, gizakiarekin lanean trebeak diren txakurrak

Eneritz IRAOLA 2013ko urtarrilaren 30a

Heziketa berezi baten bidez lortutako fruituak

Eskuarekin egindako keinu bat edo hitz bat nahikoak dituzte agindua  jaso eta betetzeko. Artaldea mendean hartu, oztopoekin lagun­du edo larrialdietan bizitzak salba­tzeko. Usaimen zorrotza, oin arinak... berezkoak dituzte, baina jasotako heziketak, bihurtu ditu berezi.

 Argiak itzali edo piztea, ardi galduak artaldera bil­tzea edo lurpean dagoen per­tsona topatzea.  Ez dira trikimailu hutsak. Txakur horien egitekoak dira,  ho­rretarako heziak izan  baitira. Emaitza ez da egun batetik bestera lortzen. Ordu asko behar izaten dira eta agindu berberaren milaka errepikapen. Erreskate txakurrek, artzain-txakurrek eta laguntzarako txakurrek funtsean oinarri bera dute: jabea eta txakurraren arteko elkarlana.

ARTZAIN TXAKURRAK

Artzaina eta txaku­rra. Ezin bata bestea gabe imajina. Batzuen lana mendietan gelditzen da, jendartera eraman gabe. Bes­te batzuek ordea, hartutako trebezia txapelketetan jartzen dute praktikan. Pauso hori ematen dutenek momentuko tentsioari au­rre egiteko gai izan behar dute eta guztiaren gainetik artzainaren aginduak betetzen jakin. Berezko dohaiak landu behar izaten dira, ariketa bereziak eskatzen dizkietelako.

LAGUNTZARAKO TXAKURRAK

Ezintasun fisikoren bat dutenen eskuak dira ateak zabaldu, lu­rrera eroritako gauzak jaso edo argiak itzali di­tzakete. Autismoa duten haurrentzat ere baliagarriak dira, integrazioan laguntzen diete. Hipogluzemia kasuak gertatu baino 20 minutu lehenago detektatzeko gai ere badira. Gorputzak botatzen duen beroaren arabera sumatzen dute. Halakorik gertatzean zakurra gaixoaren inguruan biraka hasten da. Alerta mekanismoa martxan jar­tzen du.

ERRESKATE ZAKURRAK

­ Beraien zeregin nagusia mendian galdutako pertsonak eta hondakinetan edo bestelako materialetan harrapatutakoak ahalik eta azkarren aurkitzea da. Nafarroako Erreskate taldea aritzen da txakur hauek ezten 1993az geroztik. Taldekide guztiak bolondresak dira «zerbi­tzuarengatik ez dugu ordainik jasotzen» dio Esther Ga­rrote taldeko zuzendariak. «Urteko egun guztietan» atera daitezkeela gaineratzen du «edozein ordutan deituta». 

 ARRAZAK

Laguntzarako txakurrak hautatzerakoan «labrador arrazakoak» izaten dira gehienak.    Txakur hauek «pertsonen integrazioan lagundu» behar dutela uste dute eta «arraza batzuetako txakurrekin aurkako efektua» lortuko luketela uste dute Bocalan Biak Bat elkartean. «Rotwailer, pitbullak... ikara sortzen dute. Per­tsona bat arraza horretako txakurrekin ikustean urruntzeko joera izaten dugu». Erreskate zakurren artean, arraza ez da finkoa izatean, baina edertasun arloetatik datozen txakurren ordez, lanerako txakurrak lehenesten dituzte eta taldean sartu aitzinetik froga bat ere egiten zaie, gaitasunak neurtzeko. Artzain-zakurren kasuan arraza jakin ba­tzuetakoak erabiltzen dira. Alustizaren kasuan ez hori baka­rrik, Ttikik erretiroa har­tzen duenean, bere alabak hartuko baitu lekukoa.

Lau hankako heroiak, egunerokoan bidelagunak edo lehiaketetan txapeldunak. Txakur bereziak dira baina, agian, beraien jabeak ere bereziak direlako izanen da.

 ERRESKATEAK

«Pasa den urtean 16 erreskatetan hartu genuen parte. Normalean perretxiko bila irten eta galdu diren mendizaleak edo alzheimerra duten gaixoak erreskatatzen ditugu».

Esther GARROTE Nafarroako erreskate zakurren taldeko zuzendaria

 ESKARIAK

«Eskatzaileak benetan txakurraren beharra duela erakutsi behar du. Txakurrak egunerokoan lagundu behar dio, bestela ez du bere lana bete­tzen».

Iosu MENDEZ Bocalan Biak Bateko kidea

 SEKRETUA

«Txakurrari norberak esaten diona beti eginaraztea da sekretua, ez uztea inoiz agindua bete gabe. Bestela gero komeriak izango dituzu».

Antonio ALUSTIZA Aresoko artzaina

 

TXAKURREN JABEEKIN SOLASEAN

Iosu MENDEZ  | Laguntzarako txakurra

«Eskatzailearen eta txaku­rraren artean binomio perfektua bilatzeko ahalegina egiten dugu»

Laguntzarako txakurrekin egiten dute lan Bocalan Biak Bat elkartean. Berriki Lesakako Irain eskolan izan dira erakustaldi bat eskain­tzen. Iosu Mendezek, taldekideetako batek, azaldu digunez «ezintasun fisiko edo psikologiko bat dutenen eguneroko bizitza erraztea» da txakurren egitekoa. Eskatzaileek elkartera jotzen dute txakur baten eske, baina  baldintza ba­tzuk bete behar dituzte ezinbestean «benetan txakurraren laguntza behar dutela frogatu behar dute». Txakurra prestatzen «sei bat hilabete pasatzen ditu entrenatzailearekin.  Gero ins­truktore baten eskuetatik pasa­tzen da, zerbaitetan hobetu beharko balu hobetzeko». Heziketa espazializatua izaten da «momentu ho­rretan badakigu zeinentzat den txakurra eta bere beharrak asetzeko hezten dugu, adibidez ezker besoa ezin badu mugitu, txakurrak alderdi hori garatuko du».  Ondoren familiarekin hamabost bat eguneko egokitzapen bat egiten dute «familiari erakusteko txaku­rrari aginduak nola eman, zer egin dezakeen eta zer ez». Txakurrak ematerakoan «eskaitzailearen eta txakurraren artean binomio perfektua bilatzeko ahalegina egiten dugu» dio Mendezek. Pertsonaren izaera eta txakurrarena lotzen saia­tzen dira «haur bati adibidez ez diogu, zakur indar­tsu eta handi bat jarriko». Laguntzaileak ez dira bizitza guztirako «txakurrak ere jubilatu» egiten baitira. Bere ustez, «10 urtez lanean aritu ondotik, ongi irabazia dute atsedena».

Antonio ALUSTIZA  |  Artzain-txakurra
 
«Eguneroko lana da egon litekeen entrenamendurik hoberena artzain-txakur batentzat»
 
Duela «25 urte inguru» hasi zen artzain txakur txapelketetan parte hartzen Antonio Alustiza. “Ttiki”  izan du azken hamar urteetan bidelagun. Txakurrari izenak ez dio izana aitortzen. Handia izan baita bikoteak lortu duena. Hiru aldiz jarraian Oñatiko Nazioarteko Txapelketa, Nafarroakoa zazpi aldiz, eta Euskal Herrikoa behin irabazi dituzte. Emaitzak horiek lortzeko «eguneroko lana da txakurrarentzat egon litekeen entrenamendu hoberena» esan digu. Urtean zehar txapelketetan egiten dituzten ariketa batzuk ez direla egiten dio «etxeko lanak egiteko adibidez, banderak ez dira behar». Txapelketak hasi baino «hilabete bat lehenago hasten naiz ariketa horiek egiten» dio. Entrenamendu egiteko ez da urrutira joaten «gure belazeetan zirkuitu antzeko bat jarri» eta «bere kasara» ari­tzen dela dio. «Modu librean» egin arren, egiten duen guztia «beharrezkotzat» jo­tzen du. Izan ere, «etxean ongi egiten dute ariketa, baina jendearen aurrean hauek ere ehuneko handi bat jeisten dute». Artzaina eta txakurraren arteko erlazioak «estua eta oso ona» izan behar du, nahiz eta ba­tzuetan «egun txarrak izan, bai nik eta baita hark ere». Ibilbide oparoa izan dute, baina Ttikiri «ailegatu zaio erretiroa hartzeko garaia». Bere alabak, Bat-ek hartuko du lekukoa «momentuan behintzat etxeko lanetan oso gustora nago egiten duen lanarekin». Berriarekin «ahalegina» egingo duela dio eta emaitza txapelketara joandakoan ikusiko dela. 
 
Arantxa KONDE  |  Erreskate txakurra
 
«Txakurrak ikasten du  pertsona topatzen badu bakarrik lortuko duela saria, bere jostailua»
 
Nafarroako Erreskate Zakurren taldean ibili zen hiru urtez Arantxa eta «esperien­tzia hagitz interesgarria eta ona» izan zela dio eta «lantaldea izugarri jatorra» zela. Txakurrari «nola entrenatu, nola erakutsi ikasten duzu­» bertan, baina erreskate batean parte hartzeko hori baino »gehiago behar» dela aipatzen du «zuloren batera erori den norbait erreskatatu behar baduzu eskalada egiten jakin behar duzu, lehenengo arretarako ikastaro batzuk ere hartzea komeni da».Bilaketa egiterakoan txaku­rraren motibazioa «bere jostailurik gogokoena da, pilota bat adibidez». Txakurrak «itsututa egon behar du jostailuarekin» eta badaki erreskatatu beharreko pertsona «topatzen badu,  bakarrik lortuko duela saria, bere jostailua». Entrenamendu guztietan «jostailu hori sartu» behar dela aipa­tzen du. Ariketa oso errealak egiten dituztela azal­tzen du «erreskate batean leherketa bat gertatu daiteke, horregatik suhiltzaileekiin benetako leherketak praktikatzen dira». Gure eskualdean «Berako kanteran izan ginenean ikaragarrizko zuloak egin genituen, kotxeak zuloetan sartu eta kotxe barrenean per­tsonak sartu ziren eta gero zuloak harriz tapatu ziren». Zakurrak ordu bete inguruan aritzen dira normalean erreskateetan, eta gero beste batek betetzen du bere lekua«bestela frustrazioa handia da txaku­rrarentzat». Inplikazio handia eskatzen duela dio «ordu asko eta lan handia egin behar da, txakurra mailara iristeko». 

 

 

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun