56 joaldun bildu ziren Iturenera Inauteri Astelehenean

TTIPI TTAPA 2013ko urtarrilaren 29a

Mozorroek dantza, buila eta hautsa hedatu zuten. Aitor Arotzena

Iturengo 22, Aurtizko 16 eta Zubietako 18k, nahiko lan izan zuten mozorroak plazatik uxatzen

Inauteri Astelehena izan zen Ituren, Aurtitz eta Zubietan eta ohiturari eutsiz, Iturenera bildu ziren hiru herrietako joaldunak. Ikusi bideoa 56 izan ziren guzira, 22 Iturengoak, 16 Aurtizkoak eta 18 Zubietakoak eta horiekin batera, ttiki batzuk ere atera ziren. Ikusi argazkiak

Inauteri Astelehena izan zen Ituren, Aurtitz eta Zubietan eta ohiturari eutsiz, Iturenera bildu ziren hiru herrietako joaldunak. Ikusi bideoa 56 izan ziren guzira, 22 Iturengoak, 16 Aurtizkoak eta 18 Zubietakoak eta horiekin batera, ttiki batzuk ere atera ziren. Ikusi argazkiak

Aurtengoan, izpiritu txarrak ez ezik, euria ere uxatu zutela erraten ahal da, goiza lainotsu joan bazen ere, joare soinuak hedatu ziren neurrian, eguzkiak ere goxatu baitzuen neguko hotza. Goizetik Iturengo eta Zubietako Herriko Etxeko ganbaretan eta Aurtizko elkartean beraien arropak janzten aritu ziren joaldunak, joareak ongi estutu gerrian, ttuntturroa buruan paratu, isopua eskuetan eta ongi gosaldu zuten. Horretan, etxez etxe biltzen diren arraultzeek ere laguntzen dute. Zeregin horretan zebiltzan Euxebio Fagoaga eta Batixta Bereau. Azken honek, 30 urte daramazki Lesakan bizitzen, baina inoiz ez du hutsik egiten Inauteri Astelehenean Iturenen. 20-30 arraultze dozena biltzen dituztela aipatu zigun.

Kukuxtu txarangako lapurtarrek, Modesto Ordoki, Joxe Angel eta inguruko bertze soinulariekin, musika doinuak hedatzen zituzten auzoz auzo.

Mozorroek bere aldrebeskeriak plazan egiten zituzten bitartean, Iturengo Joaldunek, Lazaro Erregerena eta Javier Bereau buru zutela, Latsaga aldera jo zuten, Aurtitz eta Zubietakoekin bat egitera. Elkar agurtu ondotik, denek elkar hartu zuten, pausua bateratu eta Iturengo plazara hurbildu ziren.

Iturengo joaldunen artean zegoen Javier Sein, berriki mendi bizikletan Nafarroako txapeldun izandakoa kadete mailan. Hiru urtetik ateratzen da joareekin eta egun 15 urte ditu. Zubietako taldean, berriz, bi neska bakarrak zeuden, Ane Antso eta Maider Leizeaga. Hauek ere urte batzuk daramazkite joaldun.

Iturengo plazara hurbiltzerakoan, nahikoa lan izan zuten joaldunek mozorroak uxatzen. Karroza batean, harrijasotzaile bat zegoen irudikatua eta nekez enbor handi bat zeraman. Bidean motozerrarekin ttikitu behar izan zuten mozorroek, traktorea ezinean baitzebilen egur handia eramateko. Bertze bikotek, taloa eta gaztaren Zubitako patentia eskaitzen zuen, 20.000 euroren truke. Bertze batzuk, bizikleta-tramankulu batean zebiltzan… Bertze batzuk ederki etzanda zeuden karrozan, langabeziaren "suizidioko" 400 euroak kobratu bidenabar… Sorgin talde batek bere dantzak eta hautsak harrotzen zituen. Bertze batzuk astoak tiratutako goldearekin ikari bat baino gehiago eman zuten eta bazen kalanbrea ematen zutenak ere. Iturengo plaza gainezka zegoen, batzuk harrituta, bertzeak larrituta, mozorroak nondik etorriko.

Joaldunak plazaratu zirenean baretu ziren mozorroak, baina hauek plazako harat-honatak egin orduko, berriz ere motozerra soinuak eta aldrebeskeriak hasi ziren. Joaldunek ongi merezitako hameketakoa izan zuten Herriko Etxeko Ganbaran eta bertze itzulixka baten ondotik, Astearterako indarrak gordetzera joan ziren.

Asteartean Zubietaren txanda izanen da, eta bertan harrera eginen diete hiru herrietako joaldunei eta mozorroei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun