Sunbillako inauteriak igandeko karroza desfile ikusgarriarekin akitu ziren. Goiz eta eguerdi partean ttantaren bat erori bazen ere, eguraldiak errespetatu zuen desfilea eta 14 karroza karrikaratu ziren, azken urteetan baino pare bat gehiago. Ikusi bideoa Ikuskizunaz gozatzera ere jendetza hurbildu zen Sunbillara. Ikusi argazkiak
Desfile irekiz, beti bezala, Ulibeltzak elkartearen eta herriaren hiru karrozak zeuden, tortilla, ardoa, hezur salda, taloak, txokolatea eta bertze jakiak eskaintzen, Sunbildarren borondatearen erakusgarri. Gainera, gero bildotsarekin batera zozketatuko zen zerria ere erakusten zuten eta txartelak saltzen zituzten, euro baten truke.
Hiru karroza horien ondotik, Sunbilla 2020 karroza zetorren. Gurasoak, beraien seme-alabekin 2020ko olinpiadak Sunbillara ekartzeko borondatea erakusten zuten, kirol ezberdinak eginez: hipika, gimnasia, saskibaloia, piragua… Umore ederrean ibili ziren.
Segidan, Vikingoen Konkista zetorren… Bikingo batzuk, arraunean jotasu zebiltzan, bere drakar dotorean eta bertze batzuk, janari kontuak prestatzen zituzten, haragia sutan errez…
Ondotik, Pottokak Dancing taldeko neskak ballet ariketak egiten saiatzen ziren, baina nahi baino lan gehiago zuten… Beharbada kiloak sobera zutelako edo akaso loa eskas zutelako, nork daki…
Hurrengo karrozak, El Konkis Sunbillan izenekoak, ETB2ko El Conquistador del fin del mundo saioa irudikatzen zuen, Julian Iantzi aurkezlea bertan zela. Honek inmunitate proba berezia proposatu zien konkurtsanteei, ahalik eta neska gehienei muxu ematea, baina lotsati hartu zuten proposamena.
Sunbillakoak ere bai Stratosferako bidean karrozan, estratosferatik Sunbillara salto egiteko saiakera antzeztu zuten, ongi hornitutako kontrol-gela eta guzi.
Koadrilla beteranoenan, Zebillako Feria egin zuen eta Andaluziako doinuak dantzatuz eta gitarra joz eman zuten itzuli osoa, giro ederrean, Giralda parez pare zutela.
Gazte koadrilla batek telebistako bertze saio bat antzeztu zuen karroza gainean, Callejeros viajeros en Hawaii eta irla horretara joandako sunbildarrek aurkezlearen galderei erantzun behar izan zien. Ikusleek ere kazetariaren galderei erantzun zieten, kamera aitzinean.
Bertze gazte batzuk, telebistatik bideojokuetara egin zuten salto eta Super Mario Party jokoa irudikatu zuten, Marioren bibote, zapel eta guzi. Sunbillako haurtzaindegian, berriz, haur ttikiek lehenbiziko ikasgaiak jasotzen zituzten. Arbelean, matematika ariketak ere ageri ziren. (4x4= todoterreno, 3x2=Eroski…). Horrela ikasita, etorkizuna segurtatua dute, noski.
Azkenaurreko karrozak, Juan Karlos Erregeak Bostwanan egindako ehiza saioa erakusten zuen. Espainiako erregea, makulu eta guzi, tamaina handiko elefante bati tiroka saiatzen zen Bostwanako ehiza eremuan.
Eta karroza honen segidan, biek bat ematen zutela, Afrikako herrixka bat ageri zen, Shakiraren Wakawaka doinuan dantzan.
Herri osoan barna itzulia egin zuten, plaza inguruan akitu arte. Bertan egin zen zerriaren eta bildotsaren zozketa. Igande goizean herrian saldu ziren txartelez gain, gazteek ere hainbertze salduak zituzten etxez etxeko eskean. Denera, 8.000 txartel inguru, inauterietako gastuak estaltzen laguntzen dutenak. Bi sariak Sunbillan gelditu ziren. Zerria, Arantxa Ibarrarentzat izan zen, bera baitzen 2.735 zenbakiaren jabea eta bildotsa Joxemigel Zelaietarentzat, 6.684 zenbakiarengatik.
Inauteriak akitu dira Sunbillan, baina bigarren urtez Iñauteriei buruzko argazki lehiaketa antolatu du Udalak, herrian erroldatuak dauden guziei irekia. Argazkiak aurkezteko epea urtarrilaren 29tik otsailaren 15era bitartekoa izanen da.