Karrozak, atsauretuak edo joaldun eta mozorroak hartuko dituzte hemendik gutxira gure inguruko herri aunitz. Ohiturari eutsiz, inauteri ofizialei aurre hartuko diete Sunbillako, Leitzako, Iturengo, Zubietako eta Aurtizko inauteriek. Sunbillan urtarrilaren 25ean hasiko dira eta hiru egunez luzatuko da festa. Emakume afaria, eskea eta ekitaldirik nagusiena igandeko karrozen desfilea izanen da. Leitzan berriz, larunbatean hasiko dira inauteriak eta asteartean amaitu. Aurtengoan ere eskean ibiliko dira gazteak herriko etxeetan eta baserrietan barna eta atsauretu eta karrozen desfileak ere hutsik eginen. Ituren, Zubieta eta Aurtitz herriak aurten ere joareen erritmoan lotuko dira. Urtarrilaren 24tik otsailaren 2ra arte ospatuko dituzte, tartean atsedenaldi batzuk hartuz. Joareez gain, mozorroak eta karrozak ere izanen dira.
ITUREN, ZUBIETA eta AURTIZKO INAUTERIAK
Urtarrilaren 24an, etxez etxeko puxka biltzearekin eman zitzaien hasiera inauteriei. Igandean afaria izanen dute, baina gehienek astelehena heltzeko zain dira. Urtarrilaren 28an, joareen erritmoan inauteriak lehertuko baitira.
URTARRILAK 28, astelehena
Zubietako joaldunak, mozorro eta karrozek lagunduta, bisita eginen diete aurtiztarrei lehenik. Herriari bira eman eta salda beroa hartu ondotik Iturenera joanen dira. Lasagako Zarandia parean, Iturengo joaldunekin elkartu eta herrian barna buelta emanen dute. Joaldunek aperitiboa hartzen duten bitartean, Iturengo plazan karroza bakoitzak eta mozorroek beren ikuskizuna eginen dute, joaldunek uxatu baino lehen.
URTARRILAK 29, asteartea
Ituren eta Aurtizko joaldunek bisita bueltatuko diete Zubietarrei, batzuen ustez natura ernatzeko eta uzta berri eta ugariak emateko egiten den ohiturari eutsiz.
URTARRILAK 30, asteazkena
Zubietan egun hau izaten da inauterietako azken eguna. Bazkaldu ondotik kontuak egiten dira. Ondotik joareak jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita egiten zaie ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrak asteazkenean bazkaria eta arratsaldean etxez etxe ibiliko dira joare eta trikitilariekin. Ondotik afariak izanen dira elkarteetan.
OTSAILAK 2, larunbata
Kontuen eguna izanen da Iturenen Inauterietako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Inauteriak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izanen dute Herriko Etxean. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak bertsolariak eta aizkora apostua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dantzaldia eta kontuen afaria.
Aurtitzen xaharren afaria eginen dute igandean.
SUNBILLAKO INAUTERIAK
Goizeko bederatziak aldera Ariztigain kanpalekuan bapo gosaldu duten gazteak, baserrietan eskean ibiliko dira dagoeneko, ortziraleko ohitura hori izaten baita. Modesto eta Jose Angel akordeolariak izanen dituzte lagun. 17:00/20:30 Herriko haurrentzako txokolate beroa eta musika izanen da Agerralderekin frontoian. 21:30 eskean dabiltzanen afaria Itturburun. Gauean Emakumeen afaria eginen dute Ulibeltzak Elkartean eta afal ondotik sorpresa izanen da.
URTARRILAK 26, larunbata
10:00 Bustitz ostatuan gosaldu ondotik eskean ibiliko dira Modesto eta Joxe Angelekin eta 14:00 etan bazkaria eginen dute Fondan. 17:00/21:00 Umeentzako berendua eta disko-jaia antolatu dituzte Ulibeltzak Elkartean. Eguna amaitzeko gauean gazteek afaria izanen dute Elortxurin.
URTARRILAK 27, igandea
11:30 Karrozen desfilea hasiko da. Opilak, gaztainak, hezur salda, tortilla eta ardoa banatuko dira ikusleen artean. Gero zerria eta bildotsa zozketatuko dituzte. 14:30 Bazkaria Ulibeltzak Elkartean eta ondoren dantzaldia Agarralde akordeoilariarekin.
LEITZAKO IHOTEAK
Ilbeltzaren 26an, larunbatean, Aurrera elkartean bazkaria izanen dute eskean ibiliko direnek. Indarrak hartuta, arratsaldeko 4ak aldera trikitilari, gaitero eta txistulariz lagundurik, egitaraua banatzen eta eskean hasiko dira mozorroak herriko etxeetan.
ILBELTZAK 27, igandea
Larunbateko juergatik deskantsatu ondotik, igande eguerdiko 12etan atsaureak Plazatik aterako dira kalejiran Incansables txarangarekin eta gurdiak industrialdetik. Etxeko txikienek ere izanen dute gozamenerako aukera txu-txu trenarekin eguerdian eta arratsaldeko 16:00etatik aitzinera Ohitura den bezala, eguerdiko 2:30ean atsauretuek bazkaria izanen dute eskolako jangelan eta, 6etan, Incansables txarangak lagunduta, kalejira abiatuko da eskolatik. Iluntzeko 7etan bertsolariak izanen dira zineman. Ordu berean Orkesta gizonaren emanaldia hasiko da eta gaueko 11:30etik aurrera bigarren saioa eskainiko du.
ILBELTZAK 28, astelehena
Lagun asko biltzen dira astelehen eta asteartean baserriz baserriko eskean. Astelehen goizeko 09:00etan elkartuko dira Aurrera parean Gorriztaran, Arkixkil, Sakulu eta Erreka auzoetara puxkak biltzera joateko. Baserrietan dabiltzan bitartean, herrian, arratsaldeko 5:00etan, umeen kalejira izanen da. Ondoren txokolatada eta goxokiak banatuko dizkiete. Gero, iluntzean eta gauean Orkesta gizonaren emanaldia izanen da plazan.
ILBELTZAK 29, asteartea
Goizeko 09:30ean dute hitzordua mozorroek Erasote auzora abiatzeko eskean. Eguerdiko 02:30ean eskean ibilitakoek bazkaria izanen dute Aurreran eta arratsaldeko 06:30ak aldera, Leitzako Atsaureen kalejira izanen da musikaz lagunduta. Ondoren Dantzadi taldearen saioa izanen da plazan.