Euria, euria eta euria da astebururako egin duten aurreikuspena, baina inauteri giroak eguraldi txarrenari ere aurre egiteko gaitasuna izaten du. Aterkien babesean edo mozorroen azpian, Elgorriagako inauterien txanda iritsi da. Urtarrilaren 18an emanen zaie hasiera, arratsaldeko 20:00etan trikitixak alaituta eginen duten kalejirarekin eta ondoren afaria izanen da Hilarion. Larunbatean berriz, egun handia ospatuko dute.
Urtarrilaren 19an goizeko 9:00etan gosari legea eginen dute. Indarrak hartu eta puxkak bilduz arituko dira etxez etxe egun osoan zehar. Jan edanerako tartea ere hartuko dute, 14:30ean bazkaria izanen da Hilarion jatetxean. Arratsaldeko 17:00ak aldera, mozorrotutako jendeak desfilea eginen du. Zozketa ere antolatu dute, sari hauek banatuko dira: lehenbiziko saria Hilarion jatetxean bi lagunendako afaria; bigarren saria Elgorriagako bainuetxean bi zirkuito; hirugarren eta laugarren sariak, bakoitzarentzat bi gosari Julia goxotegian (orain Edurnek ematen duena). 21:00etan afaria izanen da Hilarion jatetxean eta ondotik, Herriko Ostatuan musika izanen da Frantxisku akordeoi jotzailearekin. Egun osoan ere, Frantxisku bera ariko da giroa alaitzen.
Inauteriak asteburu honetan amaitzen diren arren, hurrengo larunbatean, urtarrilaren 26an ere izanen dira ospakizunak. Mus txapelketa jokatuko da arratsaldeko 17:00etan. Arratseko 21:00etan, berriz, kontuak egiteko afaria eginen da, inauteriak akitzeko.