Urtarrilaren 17a. San Anton Eguna. Abeltzainen zaindaria. Eguraldiak ere eutsi dio eta ez dute aterki beharrik izan garai bateko ohiturarekin segiz gaurko eguna ospatu nahi zutenei. Elizondon egun handia ospatu dute. Goizetik, Francisco Joaquin de Iriarte Zahar Etxearen aldeko errifaren azken txartelak saldu dituzte Eguerdiko 13:00ean Amaiurko eskolako Naiara, Urko, Antton eta Malen-ek atera zituzten bolatxoak. Lehenbiziko saria, aretzea 3288 zenbakiari egokitu zaio; bigarrena zerria, 14712ari; Hirugarren saria, bi bildots 7241 zenbakiari eta azken saria, magra 3164 txartelaren jabeari. Elizondoz gain, Zubietan meza eta San Antonen omenezko abestia estreinatu dute eta Lesakan ere meza izan da Endara auzoko San Anton baselizan. Baina eguna gaur izan arren beti bezala, ondoko igandean izanen da Lesakako erromeria handia.
Lesakan erromeria handia igandean
Honela, urtarrilaren 22an, igande goizean mezak izanen dira orduero eta trikitixa doinuak, erroskila saltzaileak eta bertze hainbat kontu izan dira. Lesakatik eta inguruko herrietatik oinez, bizikletaz, zaldiz eta, batez ere, autoz hurbiltzeko ohitura handia izaten da. Lesakatik, mendi ibilaldia antolatu du Beti Gazte elkarteak 08:00etan plazatik abiatuta eta bertze horrenbertze egin du Etxalarko Zapingorri mendi taldeak. Arratsaldeko 18:30ean dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean. Zubietan ere San Anton egunak tradizio handia izan du. Izen bereko baseliza moldatu zutenetik, egun horretako meza ere berreskuratu dute.