Ainaren historia erakusten du Pascale Lazkano koreografoaren ikusgarriak

Franck Dolosor 2013ko urtarrilaren 17a

13 neska eta 7 mutil dabiltza taulen gainean. Utzitako argazkia

Nafarroa eta Aragoitik Zuberorat espartinak lantzerat joaten ziren neskak ziren

Urraska, Goazen eta Taupadak ikusgarrien ondotik, Pascale Lazkano dantzariak ikusgarri berria muntatu du Zarena Zarelako konpainiarekin: Ainarak. Munduko lehen gerla baino lehen Nafarroa eta Aragoitik Zuberorat joaten ziren neska gazteen istoriak aipatzen ditu euskal dantzaren urratsetan eta piska bat antzer­kian oinarritua den ikusgarri berriak. Neska hauek bortxaz joaten ziren ezpartinak lantzerat Zuberorat eta mendi elurtuen barna ibili behar zuten Pirineotako alde batetik bertzerat. Dena den, Pas­cale Lazkanoren errane­tan beti alaiak ziren. Emaz­teen historia hauek biziki gustukoak ditu koreografoak eta omenaldia egin nahi izan die. Gertakari horiekin abiatuz, ikusgarri oso osoa asmatu du: urra­tsak, jantziak, argiak eta musika, ber­tzeak ber­tze Benoit Lamerain eta Maitena Duhalde musikariekin.                                                                     
 Oinak aski arinak dituzten 13 neska eta 7 mutil dabiltza taulen gainean, hauen artean senpertar andana. 2011ko udazkenean hasi ziren proiektu berri hau apailatzen Pascale Lazkanoren zuzendaritzapean. Aldi honetan, Pas­cale bera ez da ikusga­rrian agertzen argipean baina gazteei lagun­tza haundia ematen die ilunpean, aldageletan. Hor­txe, urduritasun haundia sentitzen du maiz, baina oro har, den dena behar den bezala iragaiten dela dio. Momentu biziki atseginak bizi­tzen ditu Pas­calek gazte guzi horiekin. Sei urtetan hasi zen euskal dantzak ikasten bere sorte­rrian, Getarin, Lapurdi kostaldean eta orain biziki gustatzen zaio bere zaletasuna bertzeei irakastea eta transmititzea. Egunero oinak mugitzen zaizkio beti eta bertsulariek hi­tza beti gogoan duten bezala, harek urratsak ditu buruan. Urrats zaluekin Zarena Zarelako konpainia Ipar Euskal Herri osoan eta baita ere Ameriketako Estatu Batuetan aritu da ikusga­rriak eskaintzen.                      
                         
Abendu erditsuan, Luhuson egin zen ikusgarri berriaren estrenaren ondotik, orain Ainarak erakutsiko dute Hazparnen urtarrilaren 26an eta Miarritzen martxoaren 2an. Ondotik, ikusgarri gehiago eskaintzeko prest da Zarena Zarelako konpainia, eta plazerrekin joanen litzateke hego Euskal Herrirat…
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun