Lehenbiziko urtea bete du Arkupeak elkartearen mendi taldeak. Lehenagotik ere, 2000. urtean zenbait erretiratuk Baztango Santiago Bidea egin zuten, Dantxarineatik Arabako mugara, baina Arkupeak elkarteak mendi talderik ez zuenez Goiz Mendi taldea sortu zuten. Elkartearen 2001eko aldizkarian ageri ziren Santiago Bide osoa eta Galiziara bidaia egin zuten erretiratuak. Talde honek bi aldiz egin du bide hori eta duela bi urte kostako bidea ere egin zuten, politagoa, baina aldi berean gogorragoa dena. Aldi berean, hilabetero ateraldiak egin dituzte eta urtero egun batzuetako ateraldia Pirinioetan. Esperientzia horrek bultzatuta, 2011ko abenduaren 28an egindako delegatuen bileran erabaki zen Arkupeak elkartearen baitan mendi taldea sortzea. 2012an inguruko mendien barna ateraldiak egin dituzte: Larun (elurtua zegoenez Ibardin inguruan ibili ziren), Arizkun eta Erratzuko itzulia, Bertizko Aizkolegi, Leitzako Mandoegi, Aralar, Otsondo-Lezeta, Belate-Gaztelu… Uztailean, 34 bazkidek bost egun egin zituzten Pinirioetan. Formigalko hotelean ostatu hartu eta Artouste, Midi, Anayet, Formigaletik Canal Royarako zeharkaldia, laku urdinak (batzuk Infiernosera igo ziren, 3.000 metroko mendia) eta Ordesako Cola de Caballo… 2013an ere hilabeteroko eta Pinirioetako ateraldiekin segitu nahi dute mendizaleek. Santiago Bidea egitearen aukera ere aztertzen ari dira, hasieran egun bakarreko ateraldiekin eta Bianatik aurrera, zenbait eguneko ateraldiekin. Autobusa osatzeko, ibiltariak ez ezik, oinez ibili gabe turismoa egin nahi dutenek ere parte hartzea aurrikusi da.