Arkupeak elkarteko herrietako ordezkariak abenduaren 19an elkartu ziren egoitzan, intereseko gaiei buruz aritzeko. Pedro Bañares presidenteak joan den urtean egindako ekintza, bidaia, ikastaro eta solasaldien inguruko balantze zehatza egin zuen. Denera, 3.182 bazkidek parte hartu zuten bidaietan eta Arantzazukoa izan zen partehartze handiena izan zuena, 325 lagunekin.
Parisera egindako bidaiaren ondotik, autobuseko jarlekuak banatzeko moduarekin ez zeudela konforme azaldu zuten zenbait bazkidek. Hortaz, bozketa egin eta hemendik aitzinera, lehenbiziko egunetik azkenera jarlekuak manenduko dira, baina bueltarakoan berriz ere zozketa eginen da.
Nafarroan, krisia somatzen ari diren erretiratuen eta pentsiodunen eskaerekin bat egiteko sortu den plataformarekin bat egitea ere erabaki zuten, baita janari eta arropa bilketan eta banaketan lan egiten duten bolondresen taldeekin ere. Hortaz, ohiko bidaia, omenaldi, ikastaro eta hitzaldiekin batera, krisi garai honetan beharrean dauden sektoreei elkartasuna ere adieraziko die Arkupeak elkarteak.
Oraindik ere data gehienak zehaztu gabe badaude ere, aurten ohiko bidaiak eginen dituzte erretiratuek Aralarrera, Xabierrera, Arantzazura, Lezora, Lodorasa, Benidormera, Puente Viesgora… Horietaz gain, Donostiara ateraldia eta Aginagako sagardotegian bazkaria, Kantabriara, Asturiasera, Galiziara, Gasteizera, Añanako Gatzagara, Karlomagnoren bidera, Kanariar Uharteetara, Bordeleko feriara eta urrunena, Perura eta Machu Pichura bidaiak eginen dituzte.
Omenaldiak urrian eginen dira eta joan den urteko akatsak zuzentzen saiatuko dira, bazkide batzuk baldintzak beteta ere, ez baitzituzten omendu. Horretarako, herri bakoitzeko bazkideen zerrenda osatu da, beraien jaiotza datarekin, zehatz-mehatz jakiteko zeinek betetzen dituzten baldintzak.
Nafarroako Kutxaren dirulaguntzak 35.000 eurotik 8.000 eurora jautsi dira eta horregatik, Zuk aukeratu, zuk erabaki programan Arkupeak elkartearen egitasmoa aukeratzea eskatu dute. Egitasmoa aukeratzen duen bazkide bakoitzeko 10 euro ematen zaizkio elkarteari eta 2.000 lagunera ailegatzea da helburua. Laguntza horrekin, defizitaren beldurrik gabe, hainbat ekitaldi antolatuko ditu Arkupeak elkarteak.