Pulunpa eskolako ikasle eta irakasleak oporren bueltan dira. Ikasketak burubelarri hartu dituzte, baina orain inauterietako prestatzen ari dira. Urtarrilaren 25ean izanen dute eguna. Guraso elkartekoek antolatuko dute bazkaria ikasle guziendako. Ondoren etxetik ekarritako mozorroekin kalejira eginen dute eta bertan izanen dira joaldun ttikiak ere. Ondotik, egunari bukaera ederra emateko txokolatada izanen dute.
Errege bezperak itxi zituen eguberrietako besta eta oporrak. Arratsalde partean joaldun ttikiak aritu ziren joareak gerrian jarrita beraien joare soinuak zabalduz Ituren eta Aurtizko xokoetara. Gauean, Iturengo Ostatuan eta Aurtizko elkartean bildu ziren afaltzera eta goizaldera arte Joxe Angel akordeoilariaren eta herriko trikitilarien doinuak airez aire zebiltzan bitartean, herrian barna Aurtitz eta Iturengo joaldun gazte, zahar,neska ala mutilen doinuekin ibili ziren.
Orain herriko bizilagun guziek edo gehienek maite ditugun besta politen esperoan gaude, gutxiago falta baita inauteriak ailegatzeko. Egun dexente badira, urtarrilaren 24tik otsailaren 3ra, Iruñeko San Fermiñen pare, nahiz eta tartean atsedenaldi ttiki batzuk hartuko diren.
Egun horietan puxka biltzen ibiliko dira. Astelehena eta Asteartean joare soinuak gaienduko dira eta tartean desfilean mozorroak eta karrozak izanen dira. Xehetasun gehiago gehigarri berezian.