Bisita gidatuak eskaintzen dituzte Irungo Ola sagardotegian

TTIPI-TTAPA 2013ko urtarrilaren 17a

Bisita gidatuen kanpainako aurkezpena Ola sagardotegian Utzitako argazkia

Sagardotegia eta sagardoa egiteko prozesua hurbiletik ezagu­tze­ko aukera dute Irungo Ola sagardotegiko bisi­ta gidatuetan. Bi bisita gidatu jarri dituzte aukeran. Bata sagardotegia eta sagardogintza gainetik erakusten dituena da eta bertzea sakonago ezagutzeko aukera ematen duena. Erre­serba aurretik egin behar da, 943 623130 telefonora deituta.
 
Bisitarik luzenak ordu eta erdiko iraupena du. Ola burdinolaren historia ezagutzetik hasi, eta sagardoaren elaborazio prozesu osoa ikusteko aukera ematen da. Sagastietatik hasi, tolarean jarraitu eta upeltegian akitu arte, pintxo bat dastatuz. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez egin liteke bisita, asteartetik or­tziralera 11:30ean, gutxienez 20 laguneko taldea osatuta.
 
Bisita laburrago bat egin nahi dutenek, ordu erdiko iraupena duen bisita dute aukeran. Euskaraz edo gazteleraz egin liteke bisita, asteartetik ortziralera 13:00etan edo 20:00etan egin liteke.
 
Bisitaren ondotik, bertan bazkaldu edo afaltzeko gogoa izanez gero, eskaintza bereziak jarri dituzte. Bisita eta eguneko menua, 18 euroren truke, bisita eta sagardotegiko menua 35 euroren truke edo haurrentzat pentsatutako bisita eta menua 12 euroren truke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun