Eguberriak joan ondotik, Elgorriagako herritarrak inauteriak prestatzen buru belarri sartuta gaude. Urtarrilaren 18an hasiera emanen zaie ospakizunei, arratsaldeko 8etan trikitixak alaiturik bueltatxoa emanen baita herrian barna. Ondoren afaria izanen da Hilarion jatetxean.
Urtarrilaren 19an, larunbat goizeko 9:00etan gosaria izanen da, motorrak berotzen hasteko. Gero, herriari buelta emanen zaio, puxkak bilduz etxez etxe. 14:30ean bazkaria izanen da Hilarion jatetxean. Arratsaldeko 5ak aldera, mozorrotatuko jendeak desfiletxoa eginen du. Urtetik urtera jende gehiagok parte hartzen du eta aurten ere ziur jende asko izango dela, gero eta indar gehiago hartzen ari direlakoz herriko iñauteak. Zozketa ere eginen da eta sariak hauek izanen dira: lehenbiziko saria Hilarion jatetxean bi lagunentzako afaria; bigarren saria Elgorriagako bainuetxean bi zirkuito; hirugarren eta laugarren sariak, bakoitzarentzat bi gosari Julia goxotegian (orain Edurnek eramaten duena ). 21:00etan afaria izanen da Hilarion jatetxean eta ondotik, Herriko Ostatuan musika izanen da Frantxisku akordioi jotzailearekin. Egun osoan ere, Frantxisku bera ariko da giroa alaitzen.