Doneztebeko pilotalekuan hil ala biziko aizkorakadak emanen dituzte urtarrilaren 20an. Urrezko aizkolarien binakako txapelketan semifinalera pasatzea dago jokoan. Eguerdiko 12:00etan hasiko da lehia. Bi saio jokatuko dira eta irabazleek, aldez aurretik sailkatuta dauden Nazabal-Zubieta eta Otaegi-Otañoren aurka semifinaletan aritzeko aukera lortuko dute.
Igandeko saioan, batetik Lopez Azpilikueta eta Senosian, Atutxa eta Mugertza II.aren aurka arituko dira. Eta bertzetik, Olasagasti eta Larretxea beteranoek, Rekondo eta Erasun gazteen aurka jokatuko dute semifinalerako pasea. Ander Erasun, duela hamabost egun izan zuen lesio batetik sendatzen ari da. Lesio horrengatik, atzeratu zen norgehiagoka. Izan ere, Urrezko Aizkolarien saio hau, hasiera batean Leitzan jokatzekoa zen pasa den asteburuan.