GAZTE MUGIMENDUA ➜ ITURENEN BILDU ZIREN ABENDUAREN 26, 27 ETA 28AN

Gazte Oihua 2013ko urtarrilaren 16a

Iturengo topaketan izan ziren gazteetako batzuk. Gazte Oihua

Zukgu-topaketak egin dituzte eskualdeko gazteek

Abenduaren 26, 27 eta 28an, Malerreka, Baztan eta Bortzirietako 20 gazte inguru Iturengo Herriko etxeko gelan bildu ziren Gazte Zukgua prozesu eratzaileko hirugarren zatia elkarrekin lantzeko. Eztabaiden artean umore eta jolasik ez zen falta izan eta bertan parte hartu zuten gazteek, “indarberriturik” atera direla erran digute. 
 
Asteazken gauean, azken 30 urtetako gazte mugimendua laburbil­tzen duen Tximeletak dokumentala ikusiz hasi ziren. Ortzegun osoa pasa zuten gazte estrategia defini­tzen, ariketa eta eztabaiden bidez, izan talde ttikika edo denok batera : mugimendua eta antolakundea, borroka moldeak, komunikazioa… gai aunitz izan zituzten eztabaidagai. Ortziral goizean azkenik, gazte antolakundearen egitura ze­haz­tu zuten. Gazteek “esperientzia hagitz positiboa” izan dela diote, “eskualdeko gazteekin harremandu eta elka­rrekin eztabaidatzeko txoko bat” sortu dutelako. Gainera, ederki jan zutela erran digute, ekarritako bazkari zein haiek prestatutakoekin, eta nola ez, fruta nahi adina! 
 
Prozesua bukatzear dela oroitarazi digute, martxoaren 2an izanen baita kongresua eta martxoaren 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean Gazte Danbada jaialdiarekin ongi etorria emanen zaio gazte antolakunde be­rriari.
 
IPARRALDEAN ERE GAZTEAK ANTOLATZEN
 
Kilika gaztetxean Ipa­rraldeko gazte dinamika berriaren aurkez­pena egin zuten urtarri­laren 11n, Sara, Senpere eta Azkaineko gazteen eskutik. Izan ere, Hego Euskal Herrian gazte zukgua prozesuarekin dabiltzan moduan, Ipar Euskal He­rrian ere mugimenduan dabiltza gazteak, Gaz­te,orain dun/k tenorea lelopean. Azkaineko aur­kez­penean joko zein eztabaiden artean pin­txoak, musika eta giro ederra izan zuten. Ber­tzalde, otsai­laren 2an Ezpeletan ospatuko den Gaz­te Egunaren aurkez­pena ere egin zuten. Ez­ta­baidak, bazkaria, jokuak eta kon­tzertuak izanen dira: Zezenaren taldea, Betaga­rri eta Sutagar.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun