Dagoeneko euskoa erabiltzeko konpromisoa hartu dute 73 enpresa eta 300 bat herritarrek. Hasteko, 126.000 billete inprimatuko dituzte eta orain arte lortutako atxikimendua dela eta, ziurra da 22.000 eusko behintzat zirkulazioan jarriko direla hilabete hondarrean.
Moneta «euskalduna, ekologikoa eta solidarioa» bezala definitzen dute Euskoa bere sortzaileek. Bertako ekonomiaren alde egin, ingurumena errespetatu eta euskararen erabilera sustatzeko helburua duena. Heldu den urtarrilaren 31n ikusiko du argia eta hortik aitzinera, Euskoaren alde egin duten erabiltzaileek moneta berriarekin ordaindu ahalko dute aukera eskaintzen dieten enpresa eta elkarteetan.
Euskal Moneta Elkarteak du Euskoa kudeatzeko ardura. Joxet Lahetjuzan, elkarteko Sarako kideetako bat da eta erran digunez asko dira proiektuarekin bat egin dutenak «Elkarteak 300 bazkide ditu dagoeneko eta arlo guztietako 73 enpresa, komertzio edo elkarte batu dira ekimenera». Eta diotenez moneta karrikara atera aitzin «bertze hamarnaka batzuk helduko direla ziur» dira elkarteko kideak. Babesa adierazi dutenen artean, sektore ugaritako herritarrak daude. Tartean dira, bertzeak bertze, laborariak, ile apaintzaileak eta jatetxeak. Elkarteak ere badira, haien artean, AEK eta Euskal Herriko Laborantza Ganbara.
BILLETEEN EZAUGARRIAK
«Diru-paper berezi batean egindako 1, 2, 5, 10 eta 20 euskoren balioko billeteak» izanen direla erran digu Lahetjuzanek. Eusko bat euro batengatik aldatuko da. Euroko txartelen «itxurako eta ber-ziurtasunekoak» izanen dira baina «hauekin ezin erratukoak». Billeteak ezin direla kopiatu bermatzeko neurriak hartu dituzte. Inprimategi batek eginen ditu eta billeteek ziurtasun sistema bat izanen dute, euroek duten bezala. Banda disdiratsu bat eramanen dute billeteek paperean txertatua eta Euro-billete bat fotokopiatzean gertatzen den gisara, arrastoa beltza bihurtuko da billetea fotokopiatzen badute.
EUSKOAK LORTZEKO
Euskoa erabili ahal izateko, Euskal Moneta Elkarteko kide izatea beharrezkoa da. Horretarako Euskoaren Hitzarmena izenpetu behar dute, tokiko ekonomiaren aldeko konpromisoa hartuz. Hori egindakoan Eusko kidetzaren txartela banatuko zaie, eta txartel hori hartuta, euroak euskoengatik aldatzeko apropos sortutako truke guneetara jo beharko dute.
Hornitzaile eta elkarteek berriz, Euskoaren Hitzarmena izenpetzeaz gain, Elkarteko Batzordearen adostasuna beharrezkoa izanen dute. Izan ere, Euskoarekin lotzen direnek Euskoak errepresentatzen dituen baloreekin bat egiten dutela argi erakutsi beharko dute.
URTEKO ORDAINSARIA
Euskal Moneta elkarteko kideek urtean kuota bat ordaindu beharko dute, baina ez da kopuru finkoa izanen. Gehieneko eta gutxieneko kopuruak finkatu dituzte, baina norberak nahi edo ahal duen gisako elkarpena eginen du. Partikularrek 5 eta 20 euro artean ordaindu beharko dituzte, 60 eta 100 euro artean hornitzaileek eta 10 eta 100 euro artean elkarteek.
EUSKOAK EURO
Euskoak euroengatik aldatzeko aukera ere izanen da, baina helburua ez denez hori, aldaketa gauzatzean %5a atxikiko zaie hornitzaileei, beraz, 95 euro lortuko lituzkete 100 euroren truke. Ehuneko hirua atxikiko zaie elkarteei eta partikularrek berriz, ezin dute beren kabuz aldaketa hau gauzatu, hori egin ahal izateko elkarteren batetara jo beharko dute eta hauei bezalaxe, %3a atxikiko zaie.
Herritik sortua, herriko ekonomia bultzatzeko. Ipar Euskal Herriko poltsikoetara berrikuntza ekartzeaz gain, ekonomiaren eraldaketa helburu duen moneta da Euskoa.
BERLOKALIZAZIOA
JOXET LAHETJUZAN, EUSKAL MONETA ELKARTEKO KIDEA
«Gure lekuko ekonomia herrira berlokalizatzeko bidea da Euskoa»
Euskoa moneta «herrikoia» eta «osatzailea» dela, azaldu digu Joxet Lahetjuzan Euskoa Elkarteko Sarako kideak «herrikoia da lurralde baten eremuan baliatzen delako eta osatzailea berriz, bertze moneta ofizial baten ordain, baina parean, beraz, hau ordeztu gabe erabiltzen delako». Gainera, moneta honi balio erantsi bat gehitu diezaiokete herritarrek «bertakoek nahi bezala karga dezakete edo mugatu, helburu ekonomiko, etiko, kultural, politiko edo bertze gai batzuetan» azaltzen digu.
Bertako ekonomiari bultzada emateko helburua du monetak, «gure lekuko ekonomia herrira berlokalizatzeko bidea da Euskoa, lekuko komertzio, enpresa, elkarte, ekoizle eta herritarren arteko lotura berrituz» erran digu Lahetjuzanek. Horregatik, Euskoarekin bat egin nahi duten komertzioek Elkartearen Adostasuneko Komitearen onespena lortu beharko dute, euskoak ordezkatzen dituen baloreak betetzen dituztela erakutsiz.
Etorkizunean proiektua Bera, Irun edo inguruko herrietara heda daitekeela uste dute «muga-zaharraren bertzaldeko komertzio hurbilekoeri idekitzea badirudi erraz izanen dela. Urrunago, Hegoaldeko legeeri menperatu beharko» dio. Bertze aukera bat ere badagoela aipatzen du «behin guk etsenplua eman eta, hegoaldean beraiena asmatuko balute, gero biak parekatzea».
EUSKOA ESKUALDEAN
* AZKAINE
Trinketeko Ostatua
Xoko Ona Ostatua
Plazan Ostatua
Txin-Txin ardandegia
* SENPERE
Berho harategia
Aniotz harategia
Darrigues okindegia
Josilea ileapaindegia
De folie en bonheur
Patata Ttattola
Botika Leku Ona
Koko't jantzi denda
* SARA
Ametzeta lorategiak
* URRUÑA
SARL Baigura
Pompiers solidaires
ZERBITZU EMAILEENTZAT ERRONKAK
Bi urte, bi erronka
Euskoarekin bat egin duten zerbitzu emaileek (elkarte eta komertzioek) hurrengo bi urtetan bi desafio betetzeko konpromisoa hartu dute.