Euskoa Ipar Euskal Herriko karriketan izanen da urtarrilaren 31tik aitzinera

Eneritz IRAOLA 2013ko urt. 16a, 16:34
Hasteko 126.000 billete inprimatuko dituzte, 1,2,5,10 eta 20 euskoko baliokoak. Utzitako argazkia

Eusko batek euro bateko balioa izanen du eta Euskal Herriko produktuak, lurraldeko lantegien arteko elkartasuna eta euskara bultzatzea du xede

Dagoeneko euskoa erabiltzeko konpromisoa hartu dute 73 enpresa eta 300 bat herritarrek. Hasteko, 126.000 billete inprimatuko dituzte eta orain arte lortutako atxikimendua dela eta, ziurra da 22.000 eusko behintzat zirkulazioan jarriko direla hilabete hondarrean.

 

Moneta «euskalduna, ekologikoa eta solidarioa» bezala defini­tzen dute Euskoa bere sortzaileek. Bertako ekonomiaren alde egin, ingurumena erres­pe­ta­tu­ eta euskararen erabilera susta­tzeko helburua duena.  Heldu den urtarrilaren 31n ikusiko du argia eta hortik aitzinera, Euskoaren alde egin duten erabiltzaileek moneta be­rriarekin ordaindu ahalko dute aukera eskaintzen dieten enpresa eta elkarteetan. 

Euskal Moneta Elkarteak du Euskoa kudeatzeko ardura. Joxet Lahetjuzan, elkarteko Sarako kideetako bat da eta erran digunez asko dira proiektuarekin bat egin dutenak «Elkarteak 300 bazkide ditu dagoeneko eta arlo guztietako 73 enpresa, komertzio edo elkarte batu dira ekimenera». Eta diotenez moneta karrikara atera ai­tzin «ber­tze hamarnaka ba­tzuk helduko direla ziur» dira elkarteko kideak. Babesa adierazi dutenen artean, sektore ugaritako herritarrak daude. Tartean dira, bertzeak bertze, laborariak, ile apaintzaileak eta jatetxeak. Elkarteak ere badira, haien artean, AEK eta Euskal Herriko Laborantza Ganbara.

BILLETEEN EZAUGARRIAK

«Diru-paper berezi batean egindako 1, 2, 5, 10 eta 20 euskoren balioko billeteak» izanen direla erran digu Lahetjuzanek. Eusko bat euro batengatik aldatuko da. Euroko txartelen «itxurako eta ber-ziurtasunekoak» izanen dira baina «hauekin ezin erratukoak». Billeteak ezin direla kopiatu bermatzeko neurriak hartu dituzte. Inprimategi batek eginen ditu eta billeteek ziurtasun sistema bat izanen dute, euroek duten bezala. Banda disdiratsu bat eramanen dute billeteek paperean txertatua eta Euro-billete bat foto­kopia­tzean gerta­tzen den gisara, arras­toa beltza bihurtuko da billetea fotokopiatzen badute.

EUSKOAK LORTZEKO

Euskoa erabili ahal izateko, Euskal Moneta Elkarteko kide izatea beharrezkoa da. Horretarako Euskoaren Hi­tzarmena izenpetu behar dute, tokiko ekonomiaren aldeko konpromisoa hartuz. Hori egindakoan Eusko kidetzaren txartela banatuko zaie, eta txartel hori hartuta, euroak euskoengatik aldatzeko apropos sortutako truke guneetara jo beharko dute.

Hornitzaile eta elkarteek berriz, Euskoaren Hitzarmena izenpetzeaz gain, Elkarteko Ba­tzordearen adostasuna beharrezkoa izanen dute. Izan ere, Euskoarekin lotzen direnek Euskoak errepresenta­tzen dituen baloreekin bat egiten dutela argi erakutsi beharko dute.

URTEKO ORDAINSARIA

Euskal Moneta elkarteko kideek urtean kuota bat ordaindu beharko dute, baina ez da kopuru finkoa izanen. Gehieneko eta gutxieneko kopuruak finkatu dituzte, baina norberak nahi edo ahal duen gisako elkarpena eginen du. Partikularrek 5 eta 20 euro artean ordaindu beharko dituzte, 60 eta 100 euro artean hornitzaileek eta 10 eta 100 euro artean elkarteek.

EUSKOAK EURO

Euskoak euroengatik aldatzeko aukera ere izanen da, baina helburua ez denez hori, aldaketa gauzatzean %5a atxikiko zaie hornitzaileei, beraz, 95 euro lortuko lituzkete 100 euroren truke. Ehuneko hirua atxi­kiko zaie elkarteei eta partikularrek be­rriz, ezin dute beren kabuz aldaketa hau gauzatu, hori egin ahal izateko elkarteren batetara jo beharko dute eta hauei bezalaxe, %3a atxikiko zaie.

Herritik sortua, he­rri­ko ekonomia bultza­tze­ko. Ipar Euskal He­rriko poltsikoetara be­rrikun­tza ekartzeaz gain, ekonomiaren eraldaketa helburu duen moneta da Euskoa.

 

BERLOKALIZAZIOA

«Euskoak denda batean erabiltzen baditugu, dendariak berriz baliatu beharko ditu hemengo enpresetan. Beraz, dirua gure lurraldean itzulikatuko da. Ez da euroarekin bezala gertatuko, ez da dirua enpresa batean erabili eta kanpora noranahi aterako».
 
ITUNA
 
«Euskoa erabili ahal izateko Euskal Moneta Elkarteko kide izatea beharrezkoa da. Horretarako Euskoaren Hitzarmena izenpetu behar dute, tokiko ekonomiaren aldeko konpromezua hartuz».
 
EUSKOAK EURO

«Aldaketa gauzatzean %5a atxikiko zaie hornitzaileei beraz, 95 euro lortuko lituzkete 100 euskoren truke. Ehuneko hirua atxikiko zaie elkarteei». 

 

 

JOXET LAHETJUZAN, EUSKAL MONETA ELKARTEKO KIDEA

 

«Gure lekuko ekonomia herrira berlokalizatzeko bidea da Euskoa»

 

Euskoa moneta «herrikoia» eta «osatzailea» dela, azaldu digu Joxet Lahetjuzan Euskoa Elkarteko Sarako kideak «herrikoia da lurralde baten eremuan baliatzen delako eta osatzailea berriz, bertze moneta ofizial baten ordain, baina parean, beraz, hau ordeztu gabe erabiltzen delako». Gainera, moneta honi balio erantsi bat gehitu diezaiokete herritarrek «bertakoek nahi bezala karga dezakete edo mugatu, helburu ekonomiko, etiko, kultural, politiko edo bertze gai batzuetan» azaltzen digu.

Bertako ekonomiari bultzada emateko helburua du monetak, «gure lekuko ekonomia herrira berlokalizatzeko bidea da Euskoa, lekuko komer­tzio, enpresa, elkarte, ekoizle eta herritarren arteko lotura berrituz» erran digu Lahetjuzanek. Ho­rregatik, Euskoarekin bat egin nahi duten komertzioek Elkartearen Adostasuneko Komitearen onespena lortu beharko dute, euskoak ordezkatzen dituen baloreak betetzen dituztela erakutsiz. 

Etorkizunean proiektua Bera, Irun edo inguruko herrietara heda daitekeela uste dute «muga-zaharraren bertzaldeko komertzio hurbilekoeri idekitzea badirudi erraz izanen dela. Urrunago, Hegoaldeko legeeri menperatu beharko» dio. Bertze  aukera bat ere badagoela aipa­tzen du «behin guk etsenplua eman eta, hegoaldean beraiena asmatuko balute, gero biak parekatzea». 

EUSKOA ESKUALDEAN

* AZKAINE

Trinketeko Ostatua

Xoko Ona Ostatua

Plazan Ostatua

Txin-Txin ardandegia

* SENPERE

Berho harategia

Aniotz harategia

Darrigues okindegia

Josilea ileapaindegia

De folie en bonheur

Patata Ttattola

Botika Leku Ona

Koko't jantzi denda

* SARA

Ametzeta lorategiak

* URRUÑA

SARL Baigura

Pompiers solidaires

 

ZERBITZU EMAILEENTZAT ERRONKAK

­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­Bi urte, bi erronka

 

Euskoarekin bat egin duten zerbitzu emaileek (elkarte eta komertzioek) hurrengo bi urtetan bi desafio betetzeko konpromisoa hartu dute. 

 Ekonomia bertokiratzea : 
- Zerbitzu emaileak bertako hiru produktu sartu beharko ditu bere aktibitatean
 
 - Hondakinak bereiztu eta birziklatu (aurreneko aukera posible ez denean).
 
 Euskararen erabilera publikoa sustatzea:
 - Afitxaketa elebiduna egitea eta bere produktu eta komunikazioan euskara erabil­tzea.
 
- 20 orduko euskara formakuntza profesional bat egitea. 
 
 
EUSKOA ERABILI AHAL IZATEKO PAUSOAK
 
NORBANAKOAK ► EUSKAL MONETA ELKAREKO ITUNA ONARTU►TRUKE GUNERA JO  ► EUROAK EUSKO BIHURTU
 
ELKARTE ETA KOMERTZIOAK ► EUSKAL MONETA ELKAREKO ITUNA ONARTU► ELKARTEAREN ADOSTASUN KOMINEAREN BAIEZKOA LORTU ► EUROAK EUSKO BIHURTU

 

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun