San Anton eguneko ospakizunak eginen dira eskualdeko txoko ezberdinetan

TTIPI TTAPA 2013ko urtarrilaren 16a

Lesakan igandean izanen da ospakizunik handiena, Endara auzoko baselizaren inguruan. Artxiboko argazkia

Urtarrilaren 17an Elizondon behia zozketatuko da, Zubietan kantua estreinatuko dute eta Lesakan igandean eginen dute besta

San Antonek debozio handia du eskualdeko txoko ezberdinetan, eta honela, ospakizun eguna izanen da urtarrilaren 17a Elizondon, Lesakan edo Zubietan, bertzeak bertze. Lesakan, igandean ere erromeria giroa izanen da Endara auzoko San Anton baseliza inguruan.

San Antonek debozio handia du eskualdeko txoko ezberdinetan, eta honela, ospakizun eguna izanen da urtarrilaren 17a Elizondon, Lesakan edo Zubietan, bertzeak bertze. Lesakan, igandean ere erromeria giroa izanen da Endara auzoko San Anton baseliza inguruan.

 

San Anton Eguneko zozketa

Elizondon Elizondon, San Anton egunez, Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxearen alde egiten den zozketa izaten da eguneko berezitasuna. 13:00 aldera zozketatuko dira behia bere aretzearekin eta bertze aziendak, baina aitzinetik, eguerdian zopak banatuko dituzte eta bertsolariak ere lanean arituko dira plaza ingurua girotzen. Behia eta aretzea karrikaz karrika erakutsiko dituzte albinteek, musikarien eta behizainen laguntzarekin, zozketarako azken txartelak saltzen dituzten bitartean.

 

San Anton eguneko erromeria igandean Lesakan

Urtarrilaren 17a, ortzeguna da San Anton Eguna. Abeltzain eta nekazarien egunaren seinale, egun horretan meza izanen da Lesakako Endara auzoko baselizan, 10:30ean eta 12:00etan. Baina ospakizunik handiena igandean eginen da, orduan bilduko baitira auzoan Bortzirietatik eta Gipuzkoa aldetik etorritako mendizaleak, txirrindulariak, zaldunak eta nola ez, autoan joandakoak ere, goiza erromeri giroan pasatzera. Beti Gazte elkartea eta Lesakako Gazte Asanblada oinez joateko gelditu dira goizeko 08:00etan plazan. Goizean, 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan izanen dira mezak. Soinularia ere ariko da goiko plazan. Horretaz gain, taloak, erroskilak eta bertze erosteko modua izanen da. Arratsaldean, herriko plazan musika izanen da.

 

Kanta berria estreinatuko dute Zubietan

Zubietako San Antongo baselizan ospakizuna eginen da aurten ere urtarrilaren 17an. Goizetik meza izanen da. Udalak pintxoak eta edariak ere banatzen ditu elizatarian. Arratsaldean, herriko estalpean musika izanen da, herriko musikariekin eta arratsean ere somatuko da egun berezia dela, aurten ere astegunez egokitu den arren. Duela urte batzuk baseliza berritu zenetik indar berriz ospatzen da San Anton eguna Zubietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun