Donostiako Carmelo Balda pilotalekuak hartuko du profesionalen arteko Munduko binakako pala txapelketa, urtarrilaren 21etik martxoaren 2ra. Bortz bikotek jokatuko dute txapelketa eta Xabi Ibargarai erratzuarra izanen da eskualdeko ordezkaria, Urkijorekin bikote eginez.
Horiekin batera, gaur egungo txapeldunak diren Gaubeka eta Aierbe, Fusto eta Larrinaga, Altadill eta Lujan eta Garcia eta Imanol ariko dira txapelaren bila.
Hasieran denak denen kontra ariko dira ligaxkan. Liga hori irabazten duen bikotea zuzenean sartuko da finalean eta bigarren eta hirugarren gelditzen direnek finalerdia jokatuko dute finalean sartzeko.
Urtarrilaren 21ean, astelehen arratsaldeko 6:00etan hasiko den jaialdian jokatuko dira txapelketako lehen bi partidak. Lehenbizikoan, Urkijo eta Ibargarai, Altadill eta Lujanen kontra ariko dira eta bigarrenean, Fusto eta Larrinaga, Garcia eta Imanolen kontra.
Bigarren jardunaldia urtarrilaren 26an jokatuko da, 19:00etatik aitzinera. Garcia eta Imanol, Altadill eta Lujanen kontra ariko dira eta Urkijo eta Ibargarai, Gaubeka eta Ayerberen kontra.
Hirugarren jardunaldia otsailaren 2an jokatuko da. Fusto eta Larrinaga, Altadill eta Lujanen kontra ariko dira eta Gaubeka eta Ayerbe, Garcia eta Imanolen kontra.
Laugarren jardunaldia otsailaren 9an jokatuko da, 19:00etan hasita: Urkijo eta Ibargarai, Garcia eta Imanolen kontra, eta Fusto eta Larrinaga, Gaubeka eta Ayerberen kontra.
Bosgarren jardunaldia otsailaren 16an jokatuko da. Fusto eta Larrinaga, Urkijo eta Ibargarairen kontra eta Gaubeka eta Ayerbe, Altadill eta Lujanen kontra ariko dira. Finala martxoaren 2an jokatuko da.