Gorka Urtasun iruritarrak hirugarren aldiz segidan irabazi du Eguberrietako frontoi laburreko buruz buruko erremonte txapelketa. Urtarrilaren 6an Labriten jokatutako finalean 30-23 irabazi zion Zeberio II.ari eta txapel hau hirutan irabazi duen lehen erremontelaria da.
Piloteoan partida berdindua izan zen finala, baina sakean gehiago izan zen Urtasun. 15-12koa arte alde ttikiak izan dira, bizpahiru tantukoak, baina 20-14a joan da iruritarra. 24-22ra hurbildu da Zeberio II, baina 27-22 eta 28-23koaren ondotik, azken bi tantuak Urtasunek egin ditu. Baztandarrek giro ederra paratu zuten frontoian eta harmailak bete xamar ageri ziren.
Jaialdiko lehen partidan, Ezkurra II eta Olazar Doneztebeko lehengusuek 30-15 irabazi zieten Etxabe II eta Zubizarreta gipuzkoarrei. Hirugarren partidan, Urriza eta Barrenetxea IV.ak 40-38 irabazi zieten Endika eta Etxeberria III.ari.
Masters txapelketa Urrizarentzat
Aitzineko bi edizioetan Ezkurra izan zen irabazlea, baina aurten Urriza nagusitu da Masters txapelketan. Iruñeko aurrelariak 30-18 irabazi zion urtarrilaren 5eko finalean Julen San Miguel doneztebarrari. Honela, udan buruz buruko txapelketa lehen aldiz eta duela aste pare bat binakakoa laugarren aldiz irabazita, urteko txapel ofizial guziak irabazi ditu Urrizak.