Trakatan trakatan hiru errege... zaldi gainean batzuetan, oinez bertzeetan... opariak banatzera etorriko dira urtarrilaren 5ean. Ohiturari eutsiz, Errege kabalgata edo desfileak ospatuko dira eskualdeko hainbat herritan eta bertze batzuetan berriz etxez etxe bistitatuko dituzte haurrak. Horretaz gain, joare soinuak entzungo dira egun guztian zehar Zubieta, Aurtitz eta Iturenen.
Beran 15:30ak aldera Erregeen pajeak herriko karriketan barna ibiliko dira gutunak biltzen. Iluntzean 18:30ak aldera Erregeen kabalgata hasiko da, Itzea auzotik abiatu eta Eztegara pilotalekuraino joanen dira.
Lesakan 18:00etan abiatuko da Kabalgata, eta aurrez, 17:00etatik aitzinera Erregeen postariak eskutitzak bilduko ditu plazan. Ordu berean, hiru erregeak trikitixa taldearekin Andra Mari Zaharren Egoitzara bisita eginen dute. Erregeek kabalgata egin eta opariak banatzen dituzten bitartean Lesakako abesbatzak, bandak, txistulariek, dantzariek eta trikitixa taldeak alaituko dute giroa. Irain eskolatik abiatuko da kabalgata, Albistur, Antoiu eta Bittiriatik igarota, pilotalekuan amaituz ibilbidea.
Sunbillan goizeko meza ondotik izanen dira Erregeak eta elizatarian banatuko dituzte opariak. Arratsaldean Doneztebe, Elizondo, Igantzi eta Arantzako haurrei ere bisita eginen diete. Leitzan eta Goizuetan ere ez dute hutsik eginen Ekialdeko Errege Magoek. Aresoko erregeak etxez etxe ibiliko dira eta haurrei opariak banatuko dizkiete.
Joare doinuak ere ez dira faltako egun guztian zehar Zubieta, Aurtiz eta Iturenen Errege bezperan. Egunez etxez etxe ibiliko dira gaztetxoak joareekin eta gauez, joare besta izanen dute nagusiek. Ohiturari eutsiz, afaldu eta joaldunek joareak jantzi eta inauterietan bezala, Zubieta, Aurtitz eta Iturenen itzuliak emanen dituzte goizaldeko ordu ttikietan.