Senperen nork ez du ezagutzen Jean Pierre Soudre Larreko Ibarrungo Ixtilartea etxeko nagusia? 1924an sortu zen lagunak bertsuak asmatzen ditu aspalditik eta gisa huntan agertu ditu gure herriaren himnoak: “Senpertarrak gare” eta “Urxuri gainean zoin den eder Senpere!” Ibarrundar hau Ixtilarteko semea da, laboraria eta bere andrearekin hor altxatu ditu sei seme alaba. Urteetan, ehunka bertsu asmatu ditu eta berriki 160 perla bildu eta agertu ditu liburu batean Ez da Musik elkarteak. Eskuara eta hitzak gustatzen zaizkio oroz gainetik Larrekori. Begirada argia du eta bere erranak orratza bezain xuxenak dira. Behar den bezala mintzo da eta entzuten ere badaki. Erran behar da haur denboran Matxin Irabola zena ezagutu zuela eta biziki gustukoa zuela bertsulari haundiak irri eginarazteko zuen moldea. Amodioa, lana, pilota, eskuara, herriko gertakariak…den denak aipatzen ditu Larrekok bere liburu berrian eta bertsuxka horien bitartez mende bateko historia ezagutzen ahal da. Obra balios hunekin Lapurdi eta Senpere hobeki ezagutzeko parada du irakurleak. Brave eta Bessonart bikoteak Larrekoren bertsuak musikatu zituzten duela zonbait urte. Kantuzale gazteek ere gusturat kantatzen dituzte beti Ixtilarteren pertsuxkak. Ez, ez da dudarik senpertarrek ainitz zor diogula Jean Pierre Soudre Larrekori! Goresmenak eta milesker.