Labaiengo Xabier Mindegiak (29 urte) desafioa luzatu zion Leitzako Ruben Saralegi gazteari (22urte), hitzordua Doneztebeko Belarra jatetxean azaroaren 24rako finkatuz. Beraien laguntzaileak ondoan zituztela bertan elkartu ziren. Xabierren proposamena lau oinbiko eta sei kanaerdiko ziren eta Rubenek berriz hamasei kanaerdiko nahiago zituen. Azkenean, hamar kanaerdiko (54 ontzako) eta bina oinbiko moztea adostu zuten. Bi oinbiko eta bi kanaerdiko Mindegiak eramango ditu eta zortzi kanaerdiko Saralegik. Martxoaren 10ean, eguerdiko 12:30ean eginen da apustua Doneztebeko frontoian. Aizkolari bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu. Gaixotasun bat izanez gero, 72 ordu lehenago aurkeztu beharko dute sendagilearen agiria, eta gehienez ere apustua 8 egun atzeratu ahal izango dute, tarte horretan atzerapena eskatu duenak, bertzeari eguneko 30 euro eman beharko dizkio. Apustura kirolari bakoitzak bi laguntzaile eraman ahal izango ditu eta Nafarroako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du eta dopinaren aurkako proba pasatu beharko dute. Parekotasun haundiko desafioa ikusi ahal izango da. Doneztebeko ferietan Nafarroako bigarren mailako txapelketan, Saralegi irabazle suertatu zen eta 48 segundu atera zizkion bigarren izan zen Mindegiari. Beraz, biak lehen mailan ariko dira aurten.
Xabierrentzat hirugarren apostua da oraingo hau, Ruben Saralegirentzat aldiz lehenengoa .
OIHAN LARRETXEA ETA FELIX ETXEBERRIA, OLASAGASTIREN KONTRA
Egun batzuk beranduago bertze apostu bat ere itxi zen Donezteben. Bazkaloste baten bueltan atera zen apustu proposamena itxi zuten Joxe Mari Olasagasti eta bere koadrilak batetik, eta Felix Etxeberria eta Oihan Larretxeak osatutako bikoteak eta beraien koadrilek bertzetik. Donezteben jokatuko da norgehiagoka, martxoaren 24an eta alde bakoitzak 3000 euro jokatuko ditu.
Apustua 20 kanaerdikora jokatuko da, enborrak erdibana eramanda. Igeldokoak berak bakarrik eta eskualdekoek binaka ebakiko dituzte enborrak. Etxeberria eta Larretxeak txandaka eginen dute lana, lehenengoak bortz enbor ebakitzen dituenean, besteak txanda hartu eta bertze bortz ebakiko ditu.