Santa Luzia egunean Zilarrezko Titarea jaso du Esther Pascalek

TTIPI-TTAPA 2013ko urtarrilaren 3a

Aitor AROTZENA

Santa Luzia eguneko feria ospatu zen abenduaren 13an. Meza Nagusian Es­ther Pascal Bereau jostunak Zilarrezko Titarea eta lore-xorta jaso zuen Ana Etxe­berria zinegotzien eskutik. Esther Pascal Bereau 1944an jaio zen Donezteben, Luis Bru Lopez de Sabando gipuzkoarrarekin ezkondu eta hiru seme-alaba ditu: Nora, Antonio eta Jon. Azken biak kirolari aski ezagunak izan dira, Antonio atletismoaren munduan eta Jon txirrindularitzan, profesionaletan ere aritu baitzen hainbat urtez. Hiru biloba ere baditu Estherrek eta denek bere ondoan egon nahi izan zuten omenaldi egunean. Esther Pascalek jakinarazi duenez,«jostun familian sortutakoa naiz eta lehenbiziko puntadak nere amarekin eman nituen eta 16 urterekin Maria Eraso jostun ezagunarekin hasi nintzen lanean, bere tailerretik hainbat jostun atera baitira». Lanbide honetan etorkizuna erabat argi ez bazen ere, «niri aunitz gustatzen zitzaidan, eta horregatik 18 urterekin lehen jantziak nere kabuz egiten hasi nintzen». 12 urtez segitu zuen josten, Nora eta Antonio bere lehen alaba eta semea jaio ziren arte. «Orduan bezeroentzat josteari utzi nion, baina etxean segitu nuen» dio. 1975ean familia Doneztebetik Berara joan zen eta han jaio zen azken semea, Jon, eta bertan mertzeria eta ehungintza denda ireki zuen, josteko bertze bulego ttiki batekin. Estherrek erran digunez, «han segitu nuen Doneztebe eta Malerreka aldeko lehengo bezeroei atenditzen, baita bortz herrietako berriei ere». 2009an erretiratu baldin bazen ere, oraindik etxekoentzat eta lagunentzat josten segi­tzen du eta aurten, «mende erdia bete dut titarearekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun