Arkupeak elkarteko herrietako ordezkariak abenduaren 19an elkartu ziren egoitzan, intereseko gaiei buruz aritzeko. Pedro Bañares presidenteak joan den urtean egindako ekintza, bidaia, ikastaro eta solasaldien inguruko balantze zehatza egin zuen. Denera, 3.182 bazkidek parte hartu zuten bidaietan eta Arantzazukoa izan zen partehartze handiena izan zuena, 325 lagunekin.
Parisera egindako bidaiaren ondotik, autobuseko jarlekuak banatzeko moduarekin ez zeudela konforme azaldu zuten zenbait bazkidek. Hortaz, bozketa egin eta hemendik aitzinera, lehenbiziko egunetik azkenera jarlekuak manenduko dira, baina bueltarakoan berriz ere zozketa eginen da.
Nafarroan, krisia somatzen ari diren erretiratuen eta pentsiodunen eskaerekin bat egiteko sortu den plataformarekin bat egitea ere erabaki zuten, baita janari eta arropa bilketan eta banaketan lan egiten duten bolondresen taldeekin ere. Hortaz, ohiko bidaia, omenaldi, ikastaro eta hitzaldiekin batera, krisi garai honetan beharrean dauden sektoreei elkartasuna ere adieraziko die Arkupeak elkarteak.
Oraindik ere data gehienak zehaztu gabe badaude ere, aurten ohiko bidaiak eginen dituzte erretiratuek Aralarrera, Xabierrera, Arantzazura, Lezora, Lodorasa, Benidormera, Puente Viesgora… Horietaz gain, Donostiara ateraldia eta Aginagako sagardotegian bazkaria, Kantabriara, Asturiasera, Galiziara, Gasteizera, Añanako Gatzagara, Karlomagnoren bidera, Kanariar Uharteetara, Bordeleko feriara eta urrunena, Peura eta Machu Pichura bidaiak eginen dituzte.
Omenaldiak urrian eginen dira eta joan den urteko akatsak zuzentzen saiatuko dira, bazkide batzuk baldintzak beteta ere, ez baitzituzten omendu. Horretarako, herri bakoitzeko bazkideen zerrenda osatu da, beraien jaiotza datarekin, zehatz-mehatz jakiteko zeinek betetzen dituzten baldintzak.
Nafarroako Kutxaren dirulaguntzak 35.000 eurotik 8.000 eurora jautsi dira eta horregatik, Zuk aukeratu, zuk erabaki programan Arkupeak elkartearen egitasmoa aukeratzea eskatu dute. Ez da beharrezkoa Nafarroako Kutxan konturik izatea, Nafarroan erroldatua egotearekin aski da. Egitasmoa aukeratzen duen bazkide bakoitzeko 10 euro ematen zaizkio elkarteari eta 2.000 lagunera ailegatzea da helburua. 20.000 euro laguntza horrekin, defizitaren beldurrik gabe, hainbat ekitaldi antolatuko ditu Arkupeak elkarteak.
Mendi taldearen ateradiak
Lehenbiziko urtea bete du Arkupeak elkartearen mendi taldeak. Lehenagotik ere, 2000. urtean zenbait erretiratuk Baztango Santiago Bidea egin zuten, Dantxarineatik Arabako mugara, baina Arkupeak elkarteak mendi talderik ez zuenez Goiz Mendi taldea sortu zuten. Elkartearen 2001eko aldizkarian ageri ziren Santiago Bide osoa eta Galiziara bidaia egin zuten erretiratuak. Talde honek bi aldiz egin du bide hori eta duela bi urte kostako bidea ere egin zuten, politagoa, baina aldi berean gogorragoa eta okerrago seinalizatua Kantabria eta Asturias aldean. Aldi berean, hilabetero ateraldiak egin dituzte eta urtero egun batzuetako ateraldia Pirinioetan.
Esperientzia horrek bultzatuta, 2011ko abenduaren 28an egindako delegatuen bileran erabaki zen Arkupeak elkartearen baitan mendi taldea sortzea. 2012an inguruko mendien barna ateraldiak egin dituzte: Larun (elurtua zegoenez Ibardin inguruan ibili ziren), Arizkun eta Erratzuko itzulia, Bertizko Aizkolegi, Leitzako Mandoegi, Aralar, Otsondo-Lezeta, Belate-Gaztelu… Uztailean, 34 bazkidek bost egun egin zituzten Pinirioetan. Formigalko hotelean ostatu hartu eta Artouste, Midi, Anayet, Formigaletik Canal Royarako zeharkaldia, laku urdinak (batzuk Infiernosera igo ziren, 3.000 metroko mendia) eta Ordesako Cola de Caballo…
2013an ere hilabeteroko eta Pinirioetako ateraldiekin segitu nahi dute mendizaleek. Santiago Bidea egitearen aukera ere aztertzen ari dira, hasieran egun bakarreko ateraldiekin eta Bianatik aurrera, zenbait eguneko ateraldiekin. Autobusa osatzeko, ibiltariak ez ezik, oinez ibili gabe turismoa egin nahi dutenek ere parte hartzea aurrikusi da.