Goizeko ordu ttikietan ate joka etorri eta eramanak. Ziegatik indarrez ateratakoak. Egun batetik bertzera desagertutakoak. Lurrak irentsi zituen eta baita gertatutakoa ere. Beran eginen dieten omenaldia aitzakiatzat hartu eta gogora ekarri ditugu eskualdeko fusilatuak.
1936tik 1938ra bitartean izan zen Espainiako Gerra Zibila. Hala ere, galdera askok erantzun gabe jarraitzen dute oraindik. Beldurraren eraginez isilean bizi izan zuten gertatutakoa fusilatuen senideek. Orain, hirurogeita hamasei urte beranduago oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari dira eraildako haien familiak, udalak eta zenbait erakunde. Gertatutakoa behingoagatik jakin nahian. Urte luzeetan lur azpian gorde dena argitara ekartzea lan nekeza den arren.
‘Navarra de la esperanza al terror’ liburua oinarritzat hartu eta bertan agertzen diren eskualdeko kasurik zehatzenak bildu nahi izan ditugu. Zifra hutsarekin geratu beharrean, gertatu zenaren zati bat behintzat ezagutzeko.
GOIZUETA
Lekukoek adierazten dutenez, 1936ko abuztuaren 14an gaueko hamarrak inguruan, Goizuetako kuarteletik guardia zibilez, erreketez eta falangistez osaturiko talde bat Biurretako Zentral elektrikora joan ziren. Jesus Ezkurra eta Inazio Egaña atxilotzea zen haien asmoa, arma bat zutela salatu baitzuen norbaitek. Zentralera hurbiltzean argindarra joan zen. Une hartan zentraleko etxebizitzatik atera zen Luzio Gisasola. Patruila militarreko buruak Gisasolari ‘argindarra moztea’ leporatu ondotik, Luzio zerraldo utzi zuen tiroka.
Udazken aldera, Goizuetako Juana ostatuan gosaldu eta Leitzarako bidean oinez zihoazen bi gazte salatu zituzten eta Goizuetako guardia zibilek atzeman eta fusilatu zituzten Egindakoa ospatzeko guardia zibilak Venta Berrira joan omen ziren.
Garai hartan izua zen nagusi. Fusilatuak izan zitezkeenen zerrendak zabaldu ziren eskualdeko herri askotan.Gauez erreketeak eta falangistak sarritan agertzen ziren. Herritar taldeak gauez kaleak zaintzen ere ibiltzen omen ziren, orduko irteerak sahiestearren eta herritarrei ohartaraziz ez ziezaiotela inori aterik ireki.
BAZTAN
Ahalegin guzti horiek ez zuten Baztanen odola isurtzea eragotzi. Liburu honen arabera, 13 pertsona erail zituztela biltzen baita. Batzuk aipatzearren, Mugairin Francisco Mula, diputazioko zeladorea erail zuten, hiru haurren aita. Oronozen Migel Katalanek bere burua hil omen zuen eta Arizkunen Angel Mikelarena Perutxenea etxearen inguruan hil zuten guardia zibilek tiroz 1938ko abenduaren 15ean.
BEINTZA-LABAIEN
1936ko abenduaren 15ean tiroz hilda aurkitu zuten Pedro Elizalde.
1936ko abuztuan izan zen bigarren heriotza, talderen batzuk han inguruan zebiltzala eta antolatu zen zaindaritzaren ondorioz. Guardia Zibilak beraiekin eraman zuten hamabost urteko Joan Jose Telletxea gaztea, gida zitzan eta mendiko bideak erakuts ziezazkien. Guardiek nonbait sobera edan zuten eta ilunabarrean Arretxea bordatik hurbil, arerioren bat zela uste izan zuten. Tirokatu eta hantxe bertan hil zuten gaztea.
BERROETA
Herritik kanpo ere fusilatu zituzten. Iruñean hil zuten Berroetako Valeriano Intxauspe. Liburuan jasotzen denez, auzoko batzuen salaketaren ondoren.
1938ko ekainean Maria Francisca Iturralde, hogeita hiru urteko emakumea ere tiroz hil zuten, eskualdean eraildako emakume bakarra izan zen.
AMAIUR
Patruila batekin izandako istilu arraro baten ondorioz, herriko bi gazte hil zituzten: Nikasio Zaldain, eta Lino Mitxelena. Haiekin batera, Tomas Sanchez ere hil zuten, atzetik tiro eginda.
ITUREN
Nafarroako Gobernadore Zibilaren aginduz, herriko medikua Pedro Maria Gorostidi eta sekretarioa Maurizio Gorosterrazu kargutik kendu zituzten. Bi hauek Arraizen irakasle zen Joan Bautista Iriarte, Miguel Hualde eta Jose Nagorerekin batera atxilotu eta Berako kartzelara eraman zituzten. Nagore eta Hualde aske utzi zituzten. Bertze hirurak ordea, lehenbizi Belatera eraman zituzten eta gero Lesakako pinudi batera. Han fusilatu zituzten, badirudi herriko bi apaizek hilketa hauekin zerikusia izan zutela.
ETXALAR
Jendeari muga pasatzen laguntzearekin lotutako gutunak topatu zizkiotela egotzi zioten Jose Telleria Arburuari, eta egun berean uretan itota aurkitu zuten. Se ha suicidado un espia? Irakur zitekeen egunkarietan. Benetan gertatua, bestelakoa izan zela zabaldu zen herrian. Telleriak maiz pasatzen zuen muga eta egun hartan guardia zibilak atzetik joan zitzaizkion. Ihesean Bidasoara salto egin zuenean tirokatu egin zuten.
Bilduta dauden kasu batzuk baino ez dira hauek. Erregistroen arabera, eskualdeko 51 pertsona fusilatu zituzten. Tiro bakar batez, bizitza ebatsi zieten. Orain egia bildu nahian dabiltza eta ez da erraza izanen. Garai hartan, galderak egitea debekatuta zegoelako. Eta orain, galderen erantzunak lurpetik atera behar direlako.
FUSILATUAK
| HERRIA | KOPURUA |
| Amaiur | 3 |
| Arizkun | 2 |
| Beintza-Labaien | 2 |
| Bera | 6 |
| Berroeta | 2 |
| Bertizarana | 1 |
| Elbete | 1 |
| Erratzu | 1 |
| Etxalar | 1 |
| Gaztelu | 8 |
| Goizueta | 3 |
| Irurita | 1 |
| Ituren | 3 |
| Lekaroz | 1 |
| Lesaka | 4 |
| Oronoz-Mugairi | 2 |
| Sunbilla | 4 |
| DENETARA | 51 |
Herri bakoitzean hildakoak
Iturria: Altaffaylla:
Navarra de la esperanza al terror 1936 liburua,
Tafalla 1986
BERAKO HILERRIKO HOBI KOMUNEKO IKERKETAK
Zazpi gorpuzkin topatu dituzte indusketa lanetan
Berako Udalak Frankismoaren biktimak omendu nahi izan ditu. Horretarako berriki herriko hobi komuna ikertzeko lanak bultzatu ditu. Horrela, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek hobia ireki eta indusketa lanak egin zituzten. Donostiako Ondarretako kartzelatik preso ekarri eta Berako harrobian fusilatu ondotik, Berako hilerrian 130 lagun lurperatu zituztela uste da. Horietatik zazpi aurkitu dituzte eta eremua ezin dela gehiago ikertu azaldu dute. Aurkitutako gorpuzkin hauek identifikatu eginen dituzte eta berriz hilobiratu. Hobi komuna itxi aurretik udal ordezkariek, fusilatuen senideek eta fusilatuen elkarteko kideek omenaldi xume bat eskaini zieten.
BIKTIMEI OMENALDIA BERAN
Bonbardaketan hildakoak, fusilatuak eta desagartuak oroituz
Urte hasieran omenaldia eskainiko die Udalak Frankismoaren biktimei. 1936ko abuztuaren 2an Bera bonbardatu zutenean herritar ugari hil ziren. Horretaz gain, sei beratar fusilatu eta bertze lau desagertarazi zituzten Francoren indarrek: Francisco Arozamena Irazoki, Lucio Aldai Longarai, Faustino Martinez Urteaga, Cesareo Seminario Iraizoz, Juan Etxenike Matxiarena eta Ecequiel Gomez Rodrigo izan ziren fusilatuak eta Santiago Anadon Cambero, Ramon Balza Loperena, Enrique Berasain Sorondo eta Jose Larraburu Maritxalar desagertu zirenak. Guztiak gerra bakarraren biktima.
Memoria historikoari zor, gogoan izanen dituzte urtarrila edo otsailean Frankismoaren biktimen alde egitekoa den omenaldian.
BERAKO ARGITZETAKO HARROBIKO FUSILAMENTUAK
«Ehundik gora fusilatu zituzten»
«Inguru hartatik pasatakoan, behin, euri pixka bat ari zuen eta errekatxoan ura odolez gorriztuta zetorren» gogoratzen dute lekukoek. Harrobian amaitzeko mehatxua sarritan erabili zuten frankistek, atxilotuen eta beren familien artean kezka sortuz.
«Ehundik gora fusilatu zituzten eta Berako hilerrian hilobiratu zituztela ziur gaude» dio Lourdes Errasti Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. «Buruz behera, eskuak bizkarrean lotuta hilobiratzen zituzten» gaineratzen du.
Argitzetako harrobian fusilamendu masiboak egiten zituzten. Donostiako Ondarretako hondartzatik ekarritako presoak, gehienak gipuzkoarrak eta hegoaldetik ekarritako nafarrak hantxe fusilatu zituzten. Ondoren, Berako hilobian hilobiratzen zituzten. Tartean, Juan Etxenike beratarra, Villabonan bizi zen eta ekiljole aritzen zena hil zuten. Berako harrobian erahil zuten, herritarrek ziotenez indar nazionalak herrian sartu zirenean ezkilak jotzeari uko egin ziolako.
Herriko medikuek eman omen zieten amaiera fusilamendu masiboei izurrite baten beldur zirelako.
Lourdes Errasti Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea.