Lehia bizia izan zen urtarrilaren 1ean, asteartean, Doneztebeko frontoian. Zeberio II. eta Etxeberria IV. nor baino nor aritu ziren gabonetako banakako erremonte txapelketako finalerako azken txartela eskuratu nahian. Azkenean gipuzkoarra izan zen nagusi eta horren ondorioz, urtarrilaren 6an, Errege egunean, Urtasun eta Zeberioren arteko finala izanen da ikusgai Labriten.
Partida hasieran, lau tantoko aldea atera zion Etxeberria IV.ak Zeberio II.ari. Baina Zeberio sakez asmatzen hasi eta partidari buelta ematea lortu zuen. Berdinketa ugari izan ziren eta argi geratu zen bietako inork ez zuela amore emateko asmorik. Azkenean baina, gipuzkoarra izan zen nagusi. Horren ondorioz, bi belaunaldiren arteko lehia izanen da ikusgai Errege egunean. Egungo txapelduna batetik eta ibilbide luzeko erremontista bestetik. Urtarrilaren 6an, Labriten erabakiko da, nor izanen den txapeldun berria.