Binakako txapelketa ofizialaren finala larunbatean jokatuko bada, frontoi laburreko buruz buruko Bodegas Principe de Viana Eguberrietako erremonte txapelketa abenduaren 23an abiatuko da. Josetxo Ezkurra eta Etxeberria IV.ak jokatuko dute finalerdiaren prebia Agoitzen, igande arratsaldeko 5:30ean.
Txapelketa honetan eskualdeko pilotariak ariko dira. Aurten debutatu duen Ezkurra II. doneztebarrarekin batera, Endika Urrutia saldiastarra eta azkeneko bi edizioak irabazi dituen Gorka Urtasun iruritarra seguru izanen dira. Julen San Miguel doneztebarra ere ari daiteke eta bera ez bada, Zeberio II ariko da.
Eskualdeko erremontelariak ez ezik, eskualdeko frontoiak ere izanen ditugu txapelketa honetan. Izan ere, lehenbiziko finalerdia Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatuko da abenduaren 30ean, 18:00etan. Urtasun eta Endika izanen dira aurrez aurre. Bigarren finalerdia, berriz, Doneztebeko eskolako frontoian jokatuko da Urteberri egunean, 18:00etan. Ezkurra II eta Etxeberria IV.aren arteko prebia irabazten duenak Zeberio II edo San Miguel izanen du arerio.
Final nagusia, berriz, urtarrilaren 6an jokatuklo da Labriten, 17:30etik aitzinera.