Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak, Mendiaren Eguna ospatuko du abenduaren 22an

Ttipi-Ttapa 2012ko abenduaren 20a

Ohitura denez, Leurtzako Zirkora mendi irteera eginez hasiko dute Errekakoek Mendiaren Eguna.

Arratsaldean Alex Txikon mendizalea izanen da ‘New Time Inshallah’ proiekzioa aurkezten

Goizeko 07:30ean, mendi irteera izanen da Leurtzako Zirkora eta poteo eta bazkaria jarraian. Eguneko ekitaldi nagusia berriz, arratsaldeko 19:30etatik aitzinera izanen da. Leku Eder Zinemara etorriko da Alex Txikon mendizalea eta bere “New Time Inshallah” proiekzioa dohainik ikusteko aukera ere izanen da.

Doneztebeko Erreka Kirol Elkartearen Mendiaren Eguna indartsu dator aurtengoan ere. Abenduaren 22an, larunbatean, ekitaldi ugari antolatu dituzte egun osoan zehar.

Goizeko 07:30ean, mendi irteera izanen da Leurtzako Zirkora eta Errekak Bonozorrotz mendian duen buzoia bisitatuko dute. Eguerdiko 13:00ean “mendizale-poteoa” izanen da eta 14:30etan bazkaria El Casino elkartean. Interesatu dutenek Titi Ostatuan eman behar dute izena abenduaren 20a baino lehen.

Arratsaldean 19:30etan eguneko ekitaldi nagusia izanen da: Doneztebeko Leku Eder Zineman Alex Txikon mendizalea izanen da eta bere “New Time Inshallah” proiekzioa dohainik ikusteko aukera izanen da. Mendizaleak proiektua aurkeztuko du eta ikusleek galderak egiteko aukera izanen dute.

Dokumentalaren sinopsia

Dokumentalean 2011ko neguan Alex Txikonek, Gerfried Göschl austriarrak eta Louis Rousseau kanadarrak bide berri bat irekitzen ari dira Gasherbrum I mendiaren hegoaldeko horman, zortzimilako bat neguan lehen aldiz igotzeko helburuz. Bere bi sukaldariekin batera beheko kanpamenduan nolako bizimodua daramaten eta mendi indartsu horri nola egiten dioten aurre biltzen da

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun