Koteto Ezkurra eta Patxi Olazar binakako erremonte txapelketaren finalean izanen dira

TTIPI TTAPA 2012ko abenduaren 17a

Koteto Ezkurrak eta Patxi Olazarrek lana gogotik egin behar izan zuten finalerako txartela lortzeko. Maialen Andres

Doneztebeko osaba-ilobek Urriza eta Barrenetxea IV izanen dituzte arerio azken partidan

Abenduaren 15ean, larunbat arratsaldean jokatu ziren Galarretan Oriamendi 2010 enpresak antolatutako binakako erremonte txapelketaren finalerdiak. Lehenbizikoan, Urriza eta Barrenetxeak erraztasunez, 27-40 irabazi zieten Endika eta Etxeberria III.ari. Bigarrenean, lan gehiago egin behar izan zuten Koteto Ezkurra eta Patxi Olazar osaba-ilobek, baina 40-36 irabazi eta finalerako txartela lortu zuten.

Abenduaren 15ean, larunbat arratsaldean jokatu ziren Galarretan Oriamendi 2010 enpresak antolatutako binakako erremonte txapelketaren finalerdiak. Lehenbizikoan, Urriza eta Barrenetxeak erraztasunez, 27-40 irabazi zieten Endika eta Etxeberria III.ari. Bigarrenean, lan gehiago egin behar izan zuten Koteto Ezkurra eta Patxi Olazar osaba-ilobek, baina 40-36 irabazi eta finalerako txartela lortu zuten.

Lehenbiziko finalerdian, multzo buru izan ziren Endika eta Etxeberria III ez ziren faborito atera katedrarentzat eta oraingoan asmatu zuela erraten ahal da. Urriza eta Barrenetxea hasieratik bukaeraraino nagusitu ziren, historia handirik gabeko partidan. Urtekabean Barrentxea hernaniarra izan zen partidako onena eta nagusitu egin zitzaion Etxeberriari gibeleko koadroetan. Seinako berdinketaren ondotik, 18-10 ihes egin zuten urdinek eta gorriek ez zuten hurbiltzea lortu.

Emozio gehiago izan zuen bigarren finalerdiak eta Doneztebeko bikoteak buelta eman behar izan zion markagailuari, Kotetok azkeneko tantuetan bere txapeldun kasta atera baitzuen, 30-20 galtzen izan baitziren. Dirua Oñatz eta San Migelen alde atera zen, eta 2-5 galtzen joan baziren ere, seinako berdinketaren ondotik, aitzinetik izan ziren, 10 tantu inguruko errentekin (azkenekoa, 30-20). Baina hor agertu zen Ezkurra eta 32-30era hurbildu ondotik, 34na berdindu eta azkenean, 36-40 irabazi zuten Ezkurrak eta Olazarrek. Koteto 20 tantu egin zituen eta 2 huts. Olazarrek ere ongi lagundu zion, piloteoan 3 tantu eta sakez 5 eginez, 3 hutsegiterekin. San Miguel ere ongi aritu zen, 8 tanto egin baitzituen piloteoan eta 4 sakez.

Kontuak kontu, Ezkurra eta Olazar, Urriza eta Barrenetxea IV.aren kontra ariko dira finalean.

Abenduaren 15eko emaitzak Galarretan

1. Matxin VI-Labaka, 35; Urrutia II-Zubiri, 19

2. Endika-Etxeberria III, 27; Urriza-Barrenetxea IV, 40 Binakako txapelketaren finalerdia

3. Oñatz-San Miguel, 36; Ezkurra-Olazar, 40 Binakako txapelketaren finalerdia

4. Ezkurra II-Zubizarreta, 20; Otaegi-Agirrezabala 30.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun