Mugalarreen hitzarmena abenduaren 15ean berrituko da Lizuniagan

Ttipi-Ttapa 2012ko abenduaren 13a

Sara eta Bera arteko 36. mugarrian dagoen Mahai-harrian sinatuko dute sei alkateek hitzarmena.

Bortz urtero berritzen duten agiria sinatuko dute goizeko 11:00etan

Bera, Etxalar, Azkain, Biriatu, Sara eta Urruñako udalek garai bateko usadioarekin segiz, Sara eta Bera arteko 36. mugarrian dagoen Mahai-harrian sinatuko dute fazerien edo mugalarreen hitzarmena. Bost urtez behin berritzen den hitzarmen historiko honen bidez, herri hauetako lurrak, belagiak eta ura aprobetxatzeko eskubidea ematen diote elkarri, baita 2007ko hitzarmenetik, oihaneko suteetan elkar laguntzeko bitartekoak paratu ere.

Bera, Etxalar, Azkain, Biriatu, Sara eta Urruñako udalek garai bateko usadioarekin segiz, fazerien edo mugalarreen hitzarmena sinatuko dute. 

Ekitaldia goizeko 11:00etan hasiko da Sara eta Bera arteko 36. mugarrian dagoen Lizuniagako Mahain-harrian. Sarako txarangak girotuta, Berako txistulariek eta dantzariek parte hartuko dute, eta aurreskua dantzatuko da. Ondoren, hitzarmena izenpetuko dute sei udalerrietako udal ordezkariek. Bertan izanen dira Berako Marisol Taberna alkatea eta Santiago Alzuguren zinegotzia; Etxalarko alkate Miguel Mari Irigoien; Azkaingo auzapeza, Jean Luois Laduche; Sarako Jean Baptiste Laborde auzapeza eta Pettan Errandonea eta Michel Urbistondo kontseilerrak; Urruñako Odile de Coral auzapeza eta Germaine Hacala kontseilerra; eta Biriatuko auzapeza, Charles Oyarzabal.

Bost urtez behin berritzen den hitzarmen historiko honen bidez, herri hauetako lurrak, belagiak eta ura aprobetxatzeko eskubidea ematen diote elkarri, baita 2007ko hitzarmenetik, oihaneko suteetan elkar laguntzeko bitartekoak paratu ere. Hitzarmen honekin, herri hauetako abeltzainen ardi eta zaldi aziendek eskubidea dute bertze herrietako bazkalekuak eta urak aprobetxatzeko. Hori bai, aziendek bere kabuz askatasunean joan beharko dute belagietara, hau da, abeltzainek beraiek ezin dituzte aziendak batetik bertzera eraman. Behi eta ahuntz aziendak, aldiz, ez daude hitzarmenean sartuak eta honelakoak topatuz gero, isuna jasotzen ahal dute jabeek.

Hitzamena sinatu ondotik, omenaldia eginen zaie Esteban Alzuguren eta Valentin Endarari, Akita sinatzen azkeneko artzainak izan zirenak, eta Jean Pierre Tapia azkeneko fidatzaile. Agur Jaunak kantatuz eta Lizuniagako Bentan eginen den hamaiketakoarekin bukatuko da ekitaldia. Larunbatean sinatutako hitzarmenak bortz urterako balioa duenez, 2017garren urtean izanen da hurrengo hitzordua Lizuniagan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun