Nafarroako Gobernuak ez du aitzinera biderik egiten ETB modu digitalean ikusteko

TTIPI-TTAPA 2012ko abenduaren 12a

Inguru honetako alkate eta zinegotziek bilerari buruzko azalpenak eman zituzten. Aitor Arotzena

Azaroaren 28an bildu ziren Baztan-Bidasoaldeko alkate eta zinegotziak komunikazio zuzendariarekin

Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Bertizarana aldeko alkate eta zinegotziek ez dute ai­tzinapausorik ikusten Nafarroako Gobernuan, Euskal Telebista Lurreko Telebista Digitalaren bitartez (LTD) ikusteko aukeran. Azaroaren 28an joan ziren Nafa­rroako Gobernura eta hasiera batean, Juan Luis Sanchez de Muniain Kultura, Turismo eta Harreman Instituzionalerarako kontseilariarekin egotekoak baziren, honek agurtu ber­tzerik ez zituen egin eta Edurne Elio komunikazio zuzendariarekin bildu ziren. «Horrek berak erakusten du zer jarrera duten. Azalpen teknikoak eman dizkigute, berez aterabide politikoa duen afera bati», aipatu zuten udal hautetsiek bilera eta gero Malerrekako Mankomunitateko egoitzan emandako prentsaurrean.
 
Teknikoki ez dagoela inongo arazorik aipatu zuten, dena prest dagoela. Arazo ekonomikoa ere ez luke izan behar. Izan ere, «Gobernuak urtero 3 milioi euroko dirulaguntza eman die Nafarroako gaztelerazko telebista kate pribatuei eta hemen, behin egiteko milioi bateko inbertsioa aski izanen litzateke», erran zuen Marisol Taberna, Berako alkateak. Beraz, borondate kontua dela uste dute hautetsiek. Halere, milioi hori Eusko Jaurlaritzak ordaindu beharko lukeela uste du Nafarroako Gobernuak eta «horrelaxe gabiltza, tenis pilota bezalaxe alde batetik ber­tzera», adierazi zuen Garbiñe Elizegi, Baz­tan­go alkateak. «Nafa­rrak gara eta honenber­tzez, Nafarroako Gobernuak moldatu beharko luke hau, baina ate hori ixten bazaigu, ez dugu baztertzen Gasteizera joatea», gaineratu zuen.
 
Ekainaren 30ean itza­laldi analogikoa egin behar bazen ere, gaur egun oraindik modu horretan ikusten da Euskal Telebista eskualde gehienean, itzalean gelditzen diren zenbait zokoetan izan ezik. Horietan, ez analogikoki ezta digitalki ere, ez dute ETB ikusten.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun