Lurralde elkargo bereziaz solasean Senperen

Franck Dolosor 2012ko abenduaren 12a

Lema Eguna gogoetaldia egin zen Senperen. Franck DOLOSOR

 Iparraldeko haute­tsi gehienek galdetzen dute departamendu berria sortzea eta 8 eskumen gehiago izatea Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuan. Urrats hori erre­publikaren barnean gauzatu nahi lukete Fran­tzian egun hauetan egiten ari den dezentralizazio prozesuaren baitan. Dena den, aldaketa ins­tituzionalak zonbait traba dauzka bidean ezke­rreko gobernuko bi ministrok ezezko borobila eman baitiote eskaera demokratikoari. Dena den, hautetsiek lanean segitu nahi dutela argi gelditu zen berriki Senperen ospatu den Lema Egu­na gogoetaldian. Ehun lagun hurbildu ziren EAJ-PNBk apailatu zuen gaualdia entzuterat. 
 
Christine Bessonart auzapezaren ustez atea ez da betiko hetsi eta ez da kuraia galdu behar. Bere erranetan hobe da kudeaketa eta erabakiguneak ahal bezain hurbil izatea geroa ahal bezain ongi pres­tatzeko. Beñat Inchauspe Hazparneko auzapez eta kontseilari nagusiaren arabera, kirolan bezala, zailtasunak direlarik indartzen dira ideiak eta asmoak. Alderdi sozialistaren ezezkoa deitoragarria da Inchauspe zentristaren ustez eta ondoko egunetan mobilizatzen segitu beharko dela iduritzen zaio. 
 
Azkenik, Manu Bakero legegizon eta EAJko kidearen erranetan bi ministroen ezezkoa erdi sorpresa bertzerik ez da Frantzian jakobinismoa baita nagusi eta ez baita bat batean dezentralizazio sukarra sortu eta hedatu. Oroitarazi zuen galde hunek 200 urte dituela Frantziako iraul­tzaren ondotik Biarnoa eta Iparraldea Pirinio Atlan­tikoak departamenduan bor­txaz bildu zirenetik.  Bil­tzar hunen biharamunean, Baionan Iparraldeko hautetsien kontseiluak aho batez bozkatu zuen departamendu berria sortzea eta 8 eskumen lortzea galdetzea Frantziako ezke­rreko gobernuari.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun