Ezkain mendi sakratua?

Fernando ETXEBERRIA 2012ko abenduaren 12a

Duela hilabete batzuk, Otsola inguruan ibilaldia egin ondotik, Basaburuako taberna batean sartu nin­tzen. Barruan bi jubilatu ari ziren solasean. Elkar agurtu ondoren, gizartean eman diren aldaketen inguruan hitz egiten hasi ginen. Teknologia berriekin komunikazio gaitasuna hedatzen ari bada ere, pertsonen arteko komunikazioa, inkomunikazio bilakatu dela izan genuen hizpide. Garai batean, asteburuetan jendea tabernetan elkartzen zen afaldu, musean jokatu edo herrian eta inguruan gertatu zenaren berri izateko. Gaur egun ohikoena, zerbait hartu eta berehala tabernatik joatea izaten da. Ezkurran garai bateko usadioak bizirik jarrai­tzen du oraindik. Hogei laguneko taldea, gehienak jubilatuak, Barranka ostatuan elkartzen dira larunbatetan eta zenbait igandetan goizeko 11:00ak aldera, gosaldu eta elkarrekin berriketan aritzeko.
 
Bilera horietako batean, Ezkurran bisitarien eto­rrera sustatzeko beharraz hitz egin zuten. Herri guztietan egon ohi da, herriko historia aztertzea gustuko duenen bat. Ezkurran ere bada, eta Baran­diaran, Garmendia, Etxeberria eta Aranzadi Elkartekoen ikerketetan oinarrituta Ezkurrak historiau­rrean izan zuen garrantzia azpimarratu zuen herritar honek. 25 monumentu megalitiko baino gehiago daude Ezkain, Olegi eta Iruñarri inguruetan. Ho­rrek, historiaurrean, tribu ugari bertatik igaro zirenaren ideia indartzen du.  Ezkain izenak berak ere, Eskaintza adierazi nahiko luke, hildakoei egindako eskaintza, izan ere, asko dira, Ezkain inguruan hildakoekin zerikusia duten monumetu megalitikoak. 
 
Nabarmena da historiaurreko aztarnak ugariak direla gure inguruan. Eratsungo lursailetan dagoen Iruñarriko menhirra azpimarratuko genuke. Deigarria da, daukan inklinazioa. Gainera bi norabide seinalatzen ari dela dirudi: mendebaldea eta ekialdea. Bertatik igaroko zirenak nora jo jakin zezaten jarritako seinaleak izanen ziren?
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun