Ekitaldiz betetako urte bukaera prestatu du

TTIPI-TTAPA 2012ko abenduaren 12a

Urtero bezala, urte bukaera mugitua izanen du Erreka elkarteak. Abenduaren 22an, Mendiaren Eguna ospatuko da. Ohiturari eutsiz, 07:30ean abiatuta, Errekak Bonozorrotz mendian duen buzoia bisitatuko dute mendizaleek. Menditik bueltan, 13:00etan mendizaleen poteoa eginen da herriko ostatuetan eta 14:30ean bazkaria Casino elkartean. Aipatu, aitzinetik, 13:00 aldera, Eguberrietako saskiaren zozketa eginen dela elkartearen egoitzan.
 
Arratsaldeko 7:30ean, mendiari buruzko proiekzioa eginen da Leku Eder zineman, Alex Txikon mendizale handiaren eskutik. Abenduaren 24an, Saioa mendira irteera antolatu dute.
 
Eta abenduaren 31n, urtea kirol eginez akitzeko bi hitzordu jarri ditu Errekak. 7:30ean urteroko mendi igoera Mendaur Mendira. Goian, behar bezala urte zaharra agurtu eta berriari ongi etorria emanen diote eta 10:30ean denak elkarrekin taldeko argazkia aterako dute. 18:00etan, berriz, Doneztebeko VII. San Silvestre-a. 18:00etan gazteenak  aterako dira eta zirkuitoari buelta bat emanen diote. Ondoren helduek 4 km lais­ter eginen dute. Garaileentzat sariak eta parte hartzen duten guztiei opari bat emanen zaie eta denen artean zozketak eginen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun