Kontzertuak, tailerrak, filmak… eskaintza zabala ari dira ematen inguruko gazteak Kilika gaztetxearen bitartez. Azaroaren 11an Gartxot filma erakutsi zuten. Azaroaren 24an, 2ZIO taldearen kontzertuaren ondotik Azkaingo gazteen eskutik afterra izan zen gaztetxean eta otsailaren 2ko gazte egunaren deialdia zabaldu zuten, Oai dunk tenorea lelopean. Bertzalde, azaroaren 25ean Altxaneskatxa gazte talde feministak Les Femmes du Bus 678 filmaren emanaldia eskaini zuen gaztetxean emazteen aurkako erasoen salatzeko nazioarteko egunaren kari. Ondotik xokolate esnea edanez, solasaldia egin zuten eraso sexistei buruz. Azaroaren 30ean, preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzearen ondotik pintxoak eman zituzten Kilikan eta Barrura begiratzeko Leihoak dokumentalaren emanaldia egin zuten. Abenduaren 22an olentzero ospatuko da Azkainen eta gaztetxeko kideek antolatuko dute desfilea. Hitzordua 18:00tan izanen da ikastola parean. Arratsaldeko krakada ere Kilikako kideek emanen dute. Bertzalde abenduaren 29an larunbata, Mafia gaua antolatu dute Kilikan.
PRESOEN ALDEKO EGUNA SENPEREN
Senpere, Sara eta Azkaineko gazteek elkarlanean elkartasun eguna deitu dute Senperen abenduaren 15erako, Naia Lacroix euskal presoaren urtebetetzea kari. Eguerdiko 12etan elkarretaratzea eginen dute Herriko Etxe aintzinean, ondotik aperitifa eta bazkaria izanen dira Oxtikenian (erreserbatzeko deitu 06 01 21 59 94 zenbakira), arratsaldean argazki erraldoia atera eta Lotsagabeak, Hurmurao eta Arma Tiro Punk taldeekin gozatzeko aukera izanen da.