Eguberrietako oporretan Haur Txokoa izanen da Arantza, Igantzi eta Etxalarren

TTIPI-TTAPA 2012ko abenduaren 12a

Abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra eskainiko da

Haurrei denbora libre jostagarria eta gurasoei mesede egiteko asmoz, aurten ere Haur Txokoa antolatu da Arantza, Igantzi eta Etxalarren abenduaren 24tik urta­rrilaren 7ra. Lana, Familia eta Bizitza pertsonala uztartzeko Itun Mankomunatuak antolatu du Haur Txokoa, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin eta Nafarroako Berdintasunaren eta Familiaren Ins­titutuak sustatuta.

Abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra eskainiko da Haur Txokoa, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Arantzan eta Etxala­rren eskolan izanen da eta Igantzin Ziber esparruan. Arantzan eta Igantzin abenduaren 24a izanen dute jai eguna eta Etxalarren abenduaren 31. Herri bakoi­tzean, guttienez 10 per­tsona eta gehienez 15 behar dira Haur Txokoa eskaintzeko.

Izen ematea abenduaren 21a baino lehen egin behar da, 948 635036 telefonora deitu edo ssblesaka@lesaka.net helbide elektronikora idatziz eta 10 euroko kuota ordainduta.

Haurrek beren denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat da Haur Txokoa, solidaritatean eta berdintasunean oinarritzen dena. Bidenabar, zerbitzu honen bitartez, gurasoei aukera bat ematen zaie seme-alaben heziketa bateratu ahal izateko euren lanarekin edota denbora librearekin. Bortzirietako haur txokoak koedukazioan ikasteko eta elkartzeko gune bat izan nahi du, eta bertan parte hartuko dutenak bultzatu nahi ditu, balore solidarioak praktikan jartzeaz gainera, erres­petuaren eta elkar laguntzaren garrantziaz gogoeta egitera.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun